Erdizko meategiaren proiektuaz

«Magnak babestutako erremonte txapelketa» larunbatean Iruritan jokatu dela salatu du Erdiz Bizirik ekimenak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 11:30

Magnesitas de Navarra enpresari «Baztango herritarren borondatea erosten saiatu izana» leporatu diote

Nafarroako XVII. Erremonte Txapelketako lehenbiziko jardunaldia Iruritan jokatu du larunbatean. Horren harira, Erdiz Bizirik plataformak «kezka eta haserrea» adierazi du, «Magnak suntsitu nahi duen herrian bertan lotsagarria den zuriketa bat aitzinerat eraman nahi duelako».

Enpresa «inongo disimulurik gabe Baztango herritarren borondatea erosten saiatu dela eta gaur egun era saiatzen dela» salatu dute, «bere propaganda zabaldu nahian». Aldi berean, «txapelketa honetan babesle nagusi bezala agertu eta sariari enpresaren izena jartzea estrategia honen barrenean kokatzen dugu. Kapitalismo suntsitzailearen ohiko zinismoarekin, alde batetik gure airea pozoitu eta gure lurrak suntsitzen dituzten bitartean bertako eragileak 'babestu' egiten dituztela sinistarazi nahi digute».

Magna bezalako multinazionalen «agenda suntsitzaile eta inposatzailea» gelditzea «herritar eta instituzio guztiei» dagokiela adierazi dute, «kanpaina hauek ez dituzte bakarrik bideratzen ahal, bidelagunak behar dituzte, eta hauek ere badute iruzur hau geldiarazteko ardura».

Alde batetik, «txapelketa honekin, Nafarroako Gobernuak gure lurra desjabetu eta herriak hustera bideratutako politikaren apustua berresten du». Bertze aldetik, «Baztango Udalari eta inguruko eragile guztiei erantzukizuna har dezaten eskatzen diegu. Ez da onartzen ahal gure instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu nahi duen enpresa baten bidelaguna izatea horrelako propaganda ariketa batean».

Honengatik, «instituzio, eragile eta herritar guztiei Magnaren zuriketa lanetan laguntzaile izateari uko egitea» eskatu diete eta «diru zein instalazio publikoak horretarako ez erabiltzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun