Eskualdeko kirol talde gehienek denboraldia bukatu dute, baina Baztan futbol taldeko jubenilek asteburu garrantzitsua izan dute. Larunbatean, Aibarko San Lorenzo zelaian. kopako finalerdia jokatu zuten Villatuertako CD Ondalan taldearen kontra eta baztandarrek 2-1 irabaztea lortu zuten, Niko Humber eta Imanol Zocoren golekin. Igandean, Liedenan jokatutako finalean, aldiz, 2-3 galdu zuten Valtierrano taldearen kontra, azken minutuan jasotako golarekin.
Final ikusgarria suertatu zen eta baztandarrak lehen zatian aitzineratu ziren, berriz ere Niko Humberrek sartutako golarekin. Atsedenaldira emaitza horrekin joan ziren. Bigarren zatian, ordea, buelta eman zioten markagailuari Valtierrakoek (1-2). Partida akabaila eroa izan zen. 90. minutuan berdintzea lortu zuen Julen Urreagak eta luzapena jokatuko zela ematen zuenean, hurrengo jokaldian hirugarren gola egin zuen Valtierranok eta finala irabazi zuen. Halere, lan bikaina egin zuen Baztanek.