UNAI IANTZI MARITORENA

«Euskaldunok mendizaletasun handia izan dugu betitik»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 11a, 09:00

«Anizen bizi den 27 urteko gaztea» da Unai Iantzi Maritorena. Ez da geldirik egoten denetakoa, eta «kirolarekin lotuta dagoen edozein gauza» du zaletasun, «ikustea zein praktikatzea». Bertzeen artean, mendi lasterketetan aritu da azken urteetan, baita marka onak lortu ere

Lehen urratsak mendian lasterka

20 urterekin egin zuen Iantzik bere lehenbiziko mendi lasterketa, «Oiartzungo Intxixu Trailen». Lehenagotik ere lasterka ibiltzen zen, «eta orduan mendi lasterketak modan jartzen hasi zirenez, animatzea erabaki nuen. Dezente sufritu nuela gogoratzen naiz, eta ez nintzela berriz horrelako zerbaitetan apuntatuko erran nion neure buruari. Ez nuen ikasi».

Mendian lasterka ibiltzea «gure inguruko bazterrak eta inguruneak ezagutzeko kirol ezin aproposagoa» dela dio Iantzik, «gure eskualdean kristoren suertea daukagu alde horretatik». Hala ere, «kirol gogorra» dela dio; «hankako mina, babak, urradurak, barea, erorketak, kalanbreak, hotza, beroa... mila trabei aurre egin behar zaie lasterketa batean eta horrek gezurra badirudi ere, badauka bere xarma».

Maiatzaren 15ean egindako Berroetako V. Mendi Maratoi Erdian bigarren postua lortu zuen Iantzik. «Lasterketako ibilbidea nire entrenatzeko ohiko lekua da eta alde horretatik aitzakiarik ez neukan. Haizeak baldintzatu zuen lasterketa, zakar jotzen baitzuen goiko aldean eta neketan ibili ginen lasterkari guztiak. Malda goiti nahiko ongi sentitu nintzen baina beheiti aunitz sufritu nuen». Hala ere «bigarren postuarekin kontent, lortzen dudan lehenbiziko podiuma baita!».

Entrenamenduen garrantzia

Bere lehenbizko podiuma bada ere, postu onak lortu ditu bertze hainbat lasterketetan; «eguneroko entrenamendua da inportanteena, eguraldi txarra zein ona egin, zapatilak jantzi eta alferkeriak etxean utzita ateratzea». 

Entrenamenduak «urtaroaren arabera» egiten ditu, «hiruzpalau aldiz entrenatzen naiz astero. Udazken eta neguan gehienbat korrika eta udaberri zein udan bizikleta uztartuta. Astegunez ordubete edo ordu eta erdiko entrenamenduak egiten ditut eta asteburuetan luzexeagoak». Normalean «etxe inguruan» ibiltzen da; «Abartan, Urlei, Elorrei, Udi… asteburu batzuetan inguruko leku berriak ezagutzeko aprobetxatzen dut».

Lasterka ibiltzeaz gain, lokotx biltzean ere aritzen da Iantzi; «bi kirolak bateragarriak dira, nahiz eta modalitate arras desberdinak izan. Biek daukate bere xarma».

Etorkizunera begira

«Bai gure eskualdean baita Euskal Herrian ere» maila «handia» dagoela dio, «mendirako afizio handia izan dugu betitik euskaldunok eta hori lasterketetan islatzen da. Hala ere, Baztanen emakumeen presentzia nahiko ttikia dela erranen nuke. Denborarekin hori aldatuko dela pentsatu nahi dut».

Etorkizunera begira, «orain arte bezala segitzea eta lesiorik ez izatea» du helburu, eta amets bakarra: «Zegama-Aizkorriko dortsala tokatzea ederra litzateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun