Baztan Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeak eta kirol zuzendaritzak jakinarazi duenez, Iban Romo Arangoa izanen da 2022-23 denboraldian maila autobomikoko Baztan futbol talde nagusia gidatuko duen entrenatzailea. Juanjose Salas Rodriguez izanen da bigarren entrenatzailea eta Sergi Oskoz Otxandorena prestatzaile fisikoa.
Zortzi jokalarik utziko dute taldea
Era berean, futbolari guztiei taldean segitzea eskaini zaie, baina zenbaitek ez dute hala eginen. Honela, Luis Iturriria, Julen Garmendia eta Mikel Azpirozek futbola utzi dute, Andoni Goñik iraupen luzeko lesioa dauka, Ibai Igarabidek eta Iñaki Azpirozek lan aferengatik utziko dute, Oscar Elorza atzerrira joanen da ikastera eta Javier Ayerrak bertze kirol proiektu bat bilatu nahi du.
Baztan kirol elkartetik jakinarazi dutenez, hutsune hauek erregionaleko eta jubenil mailako taldeko jokalariekin beteko dute, beti ere Baztango harrobian egindako jokalariekin aritzeko politikari eutsiz.