Iruritako Aranabian abiatuko da larunbatean Nafarroako Foru Komunitatearen XVII. erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 9a, 08:00
Nafarroako XVII. erremonte txapelketako aurkezpena egin zuten asteazken arratsaldean Nafarroa Arenan. Bikote izanen diren Aimar Jabalera doneztebarra eta Barricart izan ziren erremontisten ordezkariak.

Larunbatean 19:30ean Uterga eta Agirrezabala, Otxandorena eta Otanoren kontra ariko dira 

Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitatearen XVII. Erremonte txapelketako lehen partida ekainaren 11n, larunbatean 19:30ean hasita jokatuko dute Iruritako Aranabian. Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Datorren ortziralean ere, ekainaren 17an, eskualdean jokatuko dute bigarren jardunaldia. Zehazki, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan ariko dira Otxandorena eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarra eta Barricarten kontra.

Hiru bikote hauez gain, Zeberio II.a eta Aimar Saldias, eta Matxin III.a eta Ion ari dira txapelketa honetako final laurdenetako ligaxkan. Ekainaren 26an Lekunberrin, uztailaren 2an Garesen, uztailaren 22an Irurtzunen, uztailaren 23an Vianan, uztailaren 24an Elizondon, uztailaren 29an Tafallan, uztailaren 30ean erabaki gabeko lekuan eta abuztuaren 7anFustiñanan jokatuko dituzte final laurdenetako bertze norgehiagokak. Lau bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte abuztuaren 11n Agoitzen eta abuztuaren 20an Ilunberrin eta irabazleek finala abuztuaren 28an Zubirin.

Aipatzekoa da jaialdi guztietara sartzeko 5 euro eskatuko direla sarreran eta dena oso-osorik ADANO elkartera bideratuko dute.

Txapelketaren aurkezpen ekitaldia ekainaren 8an, asteazken arratsaldean egin zuten Iruñeko Nafarroa Arenan. Bertan izan ziren Aimar Jabalera eta Barricart erremontistak, baita erremonte fundazioko, Nafarroako Kirol Institutuko, Nafarroako Pilota Federazioko, ADANOko eta bertze babesleetako ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun