Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedrak asteburuko Euskal Pilotari buruzko jardunaldi batzuk antolatu ditu, Euskal pilota: batzen gaituen ondarea goiburupean. Ortziralean Iruñean eta igandean Iruritan antolatu dituzte ekitaldiak.
Ekainaren 10ean, ortziralean 17:15ean Iruñeko Civicanen jardunaldiaren aurkezpena eginen du Mari Mar Larraza euskal hizkuntza eta kultura katedradunak. Ondotik, Santiago Lesmes idazle eta ikertzailea XIII. mendetik XXI. mendera bitarteko euskal pilotaren historia «sinestezinaz» ariko da. 18:30ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Daniel Carballok pilota jokoaren ezarpena gune historikoetan eta arkitekturan izan dituen ezarpen-mailak aztertuko ditu. 19:30ean, azkenik, Guillermo Luna ikus-entzunekoen errealizatzaileak erraketisten berri emanen du eta frontoiko bizitzaren emakumeen memoriaz ariko da.
Igande arratsaldean Iruritan
Ekainaren 12an, igande arratsaldean Iruritako plazara eta Damaso Zabalza gizarte bilgunera ailegatuko dira jardunaldiak.
16:00etan, Laxoa Elkarteko Tiburtzio Arraztoak, pilota joko zaharrenari buruzko azalpenak emanen ditu. Segidan, 17:00etan laxoa txapelketako partida bat ikusteko aukera ere izanen dute jardunaldietan parte hartzen dutenek, Irurita Miguelene eta Doneztebe Apeztegia taldeen artekoa, hain zuzen. 17:30ean, Damaso Zabalza gizarte bilgunean, pilotan aritzeko tresnen eta panel informatiboen erakusketa ikusgai izanen da. 18:00etan, azkenik, Euskal pilota Nafarroan gaur mahai-ingurua izanen dute gizarte zentroan, Zizurko Ardoi klubeko Iñaki Escudero eta Nafarroako Pilota Federazioko ‘Pilota eta Emakumea’ batzordeko Andrea Lusarretarekin.