Erratzuko U2 eta U3ko unitateak aldatu ditu Baztango Udalak babestutako bizitegiak egiteko

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 7a, 14:00

26 bizitegi eginen dituzte lau bloketan eta lur zati bat erabilera lagapenerako utziko dute, herritarrek kooperatiba bidez garatzeko nahi izanez gero

2002ko Baztango Udal Planak Erratzuko Iturrialdea alderdian familia bakarreko etxeen garapena finkatu zuen, UE 2 eta UE 3 izendatutako exekuzio unitateen bidez. Erratzuko herriko Batzarraren eta lurren jabeen oniritziarekin, eremu hori hiri jarduera plan bereziarekin berrantolatuko du Baztango Udalak, eta horren ondorioz, salmenta libreko familia bakarrekoen eremuan bizitegi-blokeak egiten ahalko dira. 26 bizitegitik 16k babestutako etxebizitzen gehienezko prezioa izanen dute.

Udalak, halaber, lur zati bat eskuratuko du erabilera lagapenean uzteko, herritarrek hala nahi izanez gero kooperatiba bidez garatzeko. Modu berean, berrantolaketaren ondorioz, garapen eremu horretan apartamentu turistikorik ez da egiten ahalko, bizitegitarako izanen dira etxe guztiak. Horrela, denera 4 bizitegi-bloke baimenduko dira behe-solairu eta bertze bi solairurekin eta bi familia bakarreko edo bikoitzeko etxebizitza gehienez. 2002ko planak 26 familia bakarreko aurreikusten zuen.

Berrantolatutako eremuak hirigintza ikuspegitik baditu berrikuntza zenbait: antolaketa organikoa izanen du, baratzetarako lurrak izanen ditu, autoak eremuaren kanpoko aldean utzi beharko dira erdigune guztia oinezkoendako izanen delako…

Joan den asteko ortzeguneko osoko bilkurak hasierako onespena eman zion planari EH Bildu, Ezkerra eta Navarra Sumaren aldeko 11 botorekin eta Geroa Bairen 2 abstentziorekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun