Manifestazio jendetsua Elizondon Benito Menniko langileen eskubideen alde

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 6a, 11:30

Ekainaren 3an Elizondoko plazan bildu ziren langileak eta hainbat herritar. Ekainaren 1ean, berriz, Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politiketako Departamentuaren egoitzaren aitzinean elkartu ziren

Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek mobilizazio egin dituzte ELA sindikatuaren bidez, «gure egoera salatzeko, gure arazoak gizarteratzeko eta bailarako herritarren babesa bilatzeko». Elizondoko plazan elkartu ziren joan den ortziralean eta herritik barna ibili ziren, haien aldarriak ezagutzera ematen.

 

18.200 euroko urteko guttieneko soldata bermatua eta soldata igoerak eskatu dituzte, «genero arrakala eta gainerako zaintza sektorearekiko arrakala minimizatzeko». Horrez gain, «lanaldi murrizketa esanguratsua, arrisku-plaza ezartzea, bajak osatzeko azterketa bat egiteko lan-kargak, uztartze-neurriak eta sexu jazarpenaren protokoloak» eskatu dituzte, bertzeak bertze.

Gainera, «osasun mentaleko gaixotasunak dituzten pazienteekin lan egiten dutela» kontuan hartzeko eskatu dute, «horietako batzuen profila aunitz aldatu da azken urteetan eta erasoak areagotu egin dira kopuruan zein larritasunean». Enpresak ez du inolako neurririk hartzen «etengabe jasaten ditugun erasoak guttitzeko edo saihesteko».

Horregatik, «borrokatzen segituko dugu hitzarmen kolektiboa lortu arte, langile prekarioak izateari uzteko, zerbitzu hobea emateko eta gure osasuna eta bizitza bermatzeko Elizondoko Benito Menni ospitalean».

Gizarte Politiketako Departamentuaren egoitzan

Langileek elkarretaratzea egin zuten ekainaren 1ean Iruñean, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako Departamentuaren egoitzaren aitzinean. «Langileen aurkako egoera» eta «enpresako zuzendaritzak negoziazioa blokeatu izana» salatu zuten.

Gutuna idatzi dute, eta administrazioari «betebeharrei muzin ez egiteko» eskatu diote, «Benito Mennirekin hitzartuta dagoen zerbitzuaren titularra baita». Enpresaren jokabidea «onartezina dela» salatu dute, «bere helburu bakarra etekin kuotari eustea baita, gure baldintzen kontura». Gainera, «kolektibo prekarizatu aunitz bezala, emakume aurpegia duen plantilla» direla gehitu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun