Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua egiten ari zara EHUn. Zergatik erabaki zenuen hau ikastea?
Aspaldi aukeratu behar izan nuen zer ikasi, baina argi nuen zientzia arloko zerbait ikasi nahi nuela, ingeniaritzaren bat, eta energia berriztagarrietako gradua izan zen gehien erakarri ninduena. Gainera, estatu mailan horrelako ingeniaritza eskaintzen duen gradu bakarra Eibarren dago. Kontent nago hartutako erabakiarekin eta arras gustura ari naiz.
Zer lantzen duzue graduan?
Lehenbiziko urtean ingeniaritza guzietan ematen dena ikasi genuen, oinarri teorikoa. Gero energia berriztagarriak ikasteko beharrezko oinarriak eman genituen; oinarri elektriko eta mekanikoak, zirkuitu elektrikoak eta horrelako ikasgaiak. Horren ondotik energia berriztagarrietan zentratu ginen; hidraulikoa, eolikoa, geotermia, fotovoltaikoa, eguzki energia termikoa… Graduan denak ikasten ditugu baina aunitzik sakondu gabe. Gero aukera izaten da gehien gustatzen zaizunaren arabera batean edo bat baino gehiagotan espezializatzeko. Eta horrek ere erakarri ninduen, hasiera batetik zein nahi nuen aukeratu beharrean, denak ikusi nituen eta orain aukera zabala dut.
Baten bat aukeratu duzu?
Ez, oraindik ez. Orain bertzelako gauzak ikasteko gogoa dut, ingeniaritza hau mundu bat da eta aunitz dut ikasteko. Ez dut argi zer gustatzen zaidan gehien, hortaz, gradua akituta lanean hasi nahiko nuek, baditudan aukera errealak ikusteko. Gero ere izanen dut gehiago ikasteko denbora, nahi izanez gero.
Azkeneko urtea duzu aurten eta Gradu Amaierako Lanarekin ari zara. Zertan datza zure proiektua?
Nire GRALa Baztanen oinarritua dago, Berroetan, eta klasean emandakoarekin eguzki energia fotovoltaikoan zentratu naiz. Herriarendako autokontsumo partekaturako eguzki-panelak paratuko ditugu. Nire lanean alde batetik diseinu teknikoa eginen dut; kalkuluak, programak… eta bertze aldetik, gaur egun ditugun kontsumo ohiturak aztertuko ditut. Ez dut lan tekniko bat bakarrik egin nahi, kontsumo ohitura kontzienteak ere sustatu nahi ditut, egunerokoan egiten dugun kontsumoaz kontzienteak izan gaitezen.
«Ikasitakoa hemen inguruan aplikatzen ahal dela ikusteak ilusioa egin dit»
Olaia ELIZALDE GARAIKOETXEA
Zergatik Berroetan?
Carlos Garaikoetxeak, Berroetako alkateak, proposatu zidan lana egitea. Berak buruan zuen herrian autokontsumo partekatua egitea edo komunitate energetiko bat sortzea, eta nik GRALa egin behar nuela bazekien. Hortaz, berarekin lan egiteko interesik nuen galdetu zidan eta baietz erran nion.
Beraz, zure lana teorikoa da baina praktikara ere eramanen duzue…
Alde praktikoarekin hasi gara, instalatzailearekin harremanetan jartzen, aurrekontuak eskatzen… Hori martxan dago. Baina oraingoz alde teorikoan zentratzen ari naiz, diseinua egiten. Proiektuari eginen dioten ekarpenik handiena izanen da kontsumo ohiturak, zenbat urtetan amortizatuko den, paratuko dugun panel kopuruarekin zenbat energia sortuko den, gastu energetikoa… Horretarako, bertzeak bertze, inkesta bat egin diet Berroetako herritarrei, haien ohiturei buruz. Horrez gain, kontuan izan behar dira bertzelako faktoreak, adibidez, herritar aunitzek lurreko sua dute eta ez dute berogailurik erabiltzen, eta argi dago Baztanen neguan edo udan ez dela energia kopuru bera sortuko eguzki-panelekin. Ikerketarekin lortutako informazio guztia berroetarrei jakinarazi behar diegu.
Errentagarria da Baztanen eguzki-panelak paratzea?
Bai, ez da inoiz gehiago ordaintzen, beti berdin edo gutiago. Gainera, autokontsumo partekatua izanda, hainbertze jendek parte hartzen duena, zuk kontsumitzen ez duzuna bertzeak kontsumituko du, eta denen artean fiteago amortizatuko da eta gehiago aurreztuko da. Egindako kalkuluen arabera, hiru urtetan amortizatuko dira gastuak.
Energia hori herritarrek erabiltzeko izanen da?
Bai, oraingoz etxebizitza guztiek eman dute izena eta haiendako izanen da. Eguzkia badelarik bakarrik kontsumitzen ahalko dute paneletatik, eta eguzkirik ez izatean betiko moduan, saretik. Hala ere, erabiltzen ez den energia sarera saltzen da, eta hortik ere etekina lor daiteke.
Ez dago energia hori gordetzeko modurik?
Bai, baterien bidez, baina guk ez ditugu paratuko. Nahiko garesti ateratzen dira eta azterketa sakona egin beharko litzateke ez delako etxe bakar bateko instalazioari konektatzea, guztiendako den instalazio bat baizik.
Zein abantaila ekarriko dizkio proiektuak herriari?
Alde batetik, ingurumen alderdia; haien energia nondik sortzen den jakinen dute eta gainera iturri garbi eta berriztagarria izanen dute, kontzientzia sortzeko balio duena. Alderdi ekonomikotik, gastuak amortizatuta, aurrezpena nabarituko dute.
«Nire ekarpena proiektuari ikerketa aldetik izanen da gehiago»
Olaia ELIZALDE GARAIKOETXEA
Lau urtetan teorian ikusi duzuna praktikara eramateko aukera izanen duzu orain…
Bai, karreran ikasi dudana praktikan paratzea izanen da; plaka kopurua, non, nola, zer kableatu, zein inbertsore… eta ikasitako hori hemen inguruan aplikatzen ahal dela ikusteak ilusioa egin dit. GRALa ez dela paperean bakarrik geldituko ikustea izan da gehien motibatu nauena, ekarpen erreal bat eginen dudala, zerbaitetarako balioko duena.
Noizko aurreikusi duzu lana akitzea?
GRALa, alde teorikoa, unibertsitatean nahi dutelarik aurkezten ahal dut, ekainean, uztailean edo irailean, baina lehenbailehen bada, hobe. Alde praktikoa martxan da, baina oraindik aurkezpen ofiziala egin behar dugu herrian datu zehatzak azalduz. Hasiera batean 30 bat etxebizitza izanen dira, baina datu guziak emanda eta proiektuak zer inplikatuko duen azalduta izanen dugu zerrenda zehatza. Gainera estatuak horrelako instalazio berriztagarriak paratzeko dirulaguntzak ematen ditu, eta horiek ere aprobetxatu behar dira. Horretarako beharrezkoa da zenbat panel eta zenbat potentzia instalatuko diren jakitea, instalatzaileak dokumentazioa sinatzea eta dena aurkeztea. Gero dirulaguntza emanen diguten edo ez jakin arte esperatu beharko dugu. Hala ere, nik nire lana aurkeztuko dut proposamenarekin, baina instalatzailea, Zigako elektrizista bat, bere proiektua egiten ari da eta instalatzaile bakoitzak bere ingeniaria izaten du. Hortaz, nire ekarpena gehiago ikerketa aldetik izanen da.
Zergatik aurkeztu zinen Baztango Udalaren dirulaguntzara?
Egia erran ez nekien lana zeri buruz egin, eta aukeratzeko momentua ailegatu zelarik Carlosek proposamena egin zidan eta ideia ona iruditu zitzaidan. Udan berarendako lanean aritu izan naiz eta bazekien zer ikasten ari naizen. Proiektuarekin hasita, Baztanen egin behar dudan lan bat denez, beka deialdia aprobetxatzea erabaki nuen. Carlosek aipatu zidan dirulaguntzarena, baina lehenagotik ezagutzen nuen eta joan den urtean Lorea Lizarretari egindako elkarrizketa ere leitu nuen. Deialdirako memoria ttiki bat prestatu eta aurkeztu behar izan dut, baina ez da lan handia izan.
Horrelako ekimenak inportanteak dira gazteak bailarari gehiago lotzeko?
Bai, aukera polita da gazteak motibatzeko eta hemen gelditzeko, aunitzetan pentsatzen baitugu lan egiteko kanpora joan beharko dugula. Aukerak hauek aprobetxatu behar dira.