Langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Nafarroako Gobernuko Gizarte Zerbitzuetako Departamentuaren egoitzaren aitzinean, «langileen aurkako egoera eta enpresako zuzendaritzak negoziazioa blokeatu izana salatzeko».
Administrazioari «betebeharrei muzin ez egiteko» eskatu diote, «Benito Mennirekin hitzartuta dagoen zerbitzuaren titularra baita». Enpresaren jokabidea «onartezina dela» salatu dute, «bere helburu bakarra etekin kuotari eustea baita, gure baldintzen kontura». Gainera, «kolektibo prekarizatu aunitz bezala, emakume aurpegia duen plantilla» direla gehitu dute.
18.2000 euroko urteko guttieneko soldata bermatua eta soldata igoerak eskatu dituzte, «genero arrakala eta gainerako zaintza sektorearekiko arrakala minimizatzeko». Horrez gain, «lanaldi murrizketa esanguratsua, arrisku-plaza ezartzea, bajak osatzeko azterketa bat egiteko lan-kargak, uztartze-neurriak eta sexu jazarpenaren protokoloak» eskatu dituzte, bertzeak bertze.
Gainera, «osasun mentaleko gaixotasunak dituzten pazienteekin lan egiten dutela» kontuan hartzeko eskatu dute, «horietako batzuen profila aunitz aldatu da azken urteetan eta erasoak areagotu egin dira kopuruan zein larritasunean». Enpresak ez du inolako neurririk hartzen «etengabe jasaten ditugun erasoak guttitzeko edo saihesteko».
Horregatik, «borrokatzen segituko dugu hitzarmen kolektiboa lortu arte, langile prekarioak izateari uzteko, zerbitzu hobea emateko eta gure osasuna eta bizitza bermatzeko Elizondoko Benito Menni ospitalean».