Amaiurren eta Elizondon dena prest igandeko Amaiuraldirako

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 2a, 08:00

Ekainaren 5ean hainbat jarduera eginen dituzte Amaiurren eta Elizondon. Amaiurren auto-ilarak ekiditeko, ekitaldira busean joatea eskatu dute antolatzaileek.

«Errepublika aske eta burujabea» aldarrikatzeko, Amaiuraldia ekitaldi politikoa eginen du Nafarroa Berriz Altxa ekimenak ekainaren 5ean Amaiurren eta Elizondon. Egun osoko egitaraua prestatu dute:

  • 11:00etan harrera. Autobusen iritsiera Amaiurrera
  • 11:30ean ekitaldia
  • 12:15ean Amaiurraldia martxa Ordokira (3 kilometro)
  • 14:00etan besta Elizondon
  • 15:00etan bazkaria. Bokatak edo menua
  • 16:30ean kontzertuak. Madame Birrots eta Trikidantz
  • 16:30ean haurren txokoa. Irrien lagunak

Amaiurren eta Ordokin aparkalekua izanen da, eta Ordokin autoa uzten dutenendako busa izanen da Amaiurreraino dohainik 09:30etik 11:15 arte. Amaiurko herrigunea 09:30ean irekiko da, ekitaldi eta martxa pasatzean hetsita egonen da eta herritik ateratzean berriz ere irekiko dute. Martxa 12:25ean abiatuko da eta 3 kilometro eginen dituzte oinez Ordokiraino. Bertan, busak izanen dira Elizondora. Ura, eguzkitako krema eta guardasola eramatea gomendatu dute antolatzaileek.

Bazkariko menuak entsalada, paella, bildotsa txilindron erara, postrea, kafea eta kopa izanen ditu. Txartelak 30 eurotan daude salgai, 15 eurotan ttikienendako, webgunean. Lortutako dirua Erdiz Bizirik eta Aroztak plataformei laguntzera bideratuko da.

Amaiurren auto-ilarak ekiditeko, ekitaldira busean joatea eskatu dute antolatzaileek. Autobusetan izena emateko zerrendak Iruñeko, Lizarraldeko, Erriberako, Iruñerriko eta Sakanako hainbat lekutan egonen dira. Iruñerrian 10 eurotan daude salgai txartelak, Lizarraldean, Sakanan eta Tuteran, berriz, 12 eurotan. Ttikiek 5 euro ordainduko dituzte. 20:00etan eginen dute itzulera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun