«Gehiegizko turismoaren etorrerak Erratzun sortzen dituen arazoak konpontzen laguntzeko», Baztango Udalak herriko sarreran aparkaleku bat eginen du. Horretarako, ortzegunean egin zen bilkuran diruzaintzako gerakinetik 35.700 euroko aurrekontu moldaketa onartu zuten, BEZa aparte, aurrekontuetan heldu zen 6.300 eurori gehitzeko eta 42.000 euroko kontu saila osatzeko.
Aparkalekua egiteko udalak lurren-trukea egin behar izan du barride batekin. Trukearen eskriturak egin bezain fite parkinga egiten ahalko da, «ekainaren erdi alderako». Orain eginen diren lanak behin behinekoak izanen dira; pareten urratzea, drainatze sistema, harri-laxozko zola ematea… denera 50 auto aparkatzeko lekua egiteko. Behin betiko lanak aitzinerago eginen dituzte.
Bertzalde, Xorroxingo ur-jauzirat eta Amaiurko gaztelurat joan ahal izateko erreserba plataforma berrituko dute. Horretarako 4.200 euroko bertze aurrekontu moldaketa egitea onartu dute, «kasu honetan esku-orrien argitalpenerako kontu sailetik».
Baztango herri batzuetan gehiegizko turismoak sortzen dituen arazoak bideratzeko inbertsio eta ekimenak egiten ari da udala, «herri bakoitzak turistak hartzeko duen ahalmena kontuan hartuz eta herriko alkateekin elkarlanean».