BRT Eguna bikaina izan zen larunbatean Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 1a

Itsasmendiko gazteek ezin izan zuten irabazi, baina zazpiko errugbian txapeldunorde izan zen BRT Menditarrak eta maila igoera ere ospatu zuten.

Lehiaketa, adiskidetasuna, esfortzua eta poza bildu ziren joan den larunbatean, ekainaren 28an, Lekarozko campuseko zelaian. Beti bezala, protagonista nagusia errugbia izan zen, eta berarekin gozatu zuten guztiek, BRT Egunaren baitan.

18 urtez beheitiko finalean Itsasmendik galdu

Jardunaldia Itsasmendi eta Rioja RC taldeen arteko 18 urtez beheitiko mailako finaleko itzulerako partidarekin hasi zen. Partida parekatua izaten hasi zen, baina minutuak aitzinera joan ahala Errioxak bere jokoa ongi erabiltzen jakin zuen eta Itsasmendik bistaratu zituen talde akatsak aprobetxatu zituen markagailuan gailentzeko, 12-76ko emaitza lortuz. Itsasmendiren gabezia nagusia hiru klubek osatzen dute taldea dela da (BRT Menditarrak, Txingudi eta Zarautz), eta horrek, koordinazioa zailtzen du, bai erasorako bai defentsarako. Hala ere, gazte hauek denboraldi bikaina egin dute eta kluba harro dago bertako jokalariek euskal ligan erakutsitako errendimenduarekin.

Zazpiko errugbi txapelketan BRT Menditarrak txapeldunorde

Ondotik, zazpiko errugbi txapelketa hasi zen eta lau talde elkartu ziren (Zarautz, Txingudi, Manresa eta BRT Menditarrak), denak denen aurkako formatuan. Lehenengo txandan, etxekoek 24-0eko emaitzarekin irabazi zioten Txingudiri, eta Zarautzek Manresaren aurka markagailu bera lortu zuen. Bigarren txandan, BRT Menditarrak taldeak 33-7ko emaitzarekin irabazi zion Kataluniako taldeari (Manresa), eta Zarautzek bertze horrenbertze egin zuen Txingudiko taldearekin 12-36ko emaitzarekin. Hirugarren posturako lehian Txingudik Manresari irabazi zion 47-29ko emaitza lortuz.

Aitzinetik jokatutako partidak ez bezala, torneoko finala arras parekatua izan zen, BRT Menditarrak taldeak Zarautzi kontra egiten jakin izan zuen, behin baino gehiagotan markagailuan bere gainetik jarriz. Izan ere, Zarautzek txapelketa honetako txapeldun izatera eramango zuen entsegua azken minutuetan egin zuen, 21-27ko azken emaitza lortuz.

Garaikurren banaketa, ospakizuna eta omenaldiak

Txapelketa zirraragarri honi akabaila emateko garaikurrak banatu zituzten: txapeldunaren garaikurra Zarautzentzat izan zen eta txapelketako jokalaririk onenarena BRT Menditarrak taldeko Mikel Gorostidi gaztearentzat. Azkenik, etxekoek omenaldia egin zioten Iñaki Ezkurra entrenatzaileari, 2021-22 denboraldian klubarekin eta klubarentzat egindako eskaintza eta sakrifizioagatik. BRT Menditarrak taldeak euskal ligako bigarren mailako txapeldun izan da, partida bakarra galduta eta euskal ligako lehenengo mailara igotzea lortu dute.

Klubaren eguna zela eta, BRT Menditarrak elkarteak 80 lagun inguru bildu zituen antolatutako bazkarian, eta giro bikaina sortu zuen errugbiaren inguruan.

BRT Menditarrak taldeak egindako denboraldi bikaina akitzeko, kluba Kataluniako Sitges hirira joanen da, eta bertan jokalari eta beteranoek (48 pertsona) erlaxatu eta gozatu ahal izanen dute hiri horretan ospatuko den errugbi beach txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun