Erreginak eta saratsak ospatu dituzte Arraiozen

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 31a, 13:30

Urtero bezala, maiatzeko azken igandean, Arraiozen Erregina eta saratsak ospatu dituzte.

Argazkiak, bideoa eta testua: Juan Mari Ondikol eta Nerea Mortalena

Ohiturak dioen bezala, bi erreginek saratsen koplen kantuen laguntzarekin, dantza egin dute. Aurten, Nahia Lazkano eta Olatz Bergara izan dira erreginak. Saratsak aldiz, Aiora Arraztoa, Alaitz Urrutia, Uxue Viela, Anne Iturralde, Olaia Gamio, Ainara Zubigarai, Irati Gamio eta Lide Laurnagarai.

Hauek dira saratsek kantatutako koplak:

Erregiñe ta saratsa,
neskatxa eder garbosa
neskatxa eder garbosa. 
Ela ola etxeko andrea atera zaiztez leihora, 
leihora ez bada, atera. 
lara lara lara (dantza)

Zuk eman dakuzun horrekin,
konpañak ere badaki. 
Zuk eman dakuzun, diru eder horrekin, 
eginen dugu tortxa bi. 
Tortxarekin harie,
harie ta argizarie.

Hamalau mila aingeruekin, 
paradisuan sartu zaizile,
paradisuan sartu zaizile.

 
Erreginak eta saratsak

Arraiozko historian erreparatzen badugu, erreginak zortzi eta bederatzi urteko neskak ziren eta normalki, Arraiozko bi auzoetatik neska bat hautatzen zuten; bata goitiko auzokoa Urrutiakoa eta bertzea behekoa, Mardeakoa. Saratsak berriz, hamabi edo hamalau urtekoak ziren. Emakumearen emankortasun besta honetarako, herriko neskak biltzen ziren, meza edo errosarioaren ondotik eta erreginak janzten zituzten. Erreginak zuriz janzten ziren, eta buruan apaingarri moduan, neskak mendian hartutako saratsen adarrekin egindako koroa eta lorez apainduta paratzen ziren. Erreginek poltsa zuri batzuk eramaten zituzten dirua biltzeko eta poltsa hauek gerriko moduko kolorezko zinta zabal baten azpian gordetzen zituzten. Saratsak berriz, normalki, etxean zeukaten arroparik onenarekin janzten ziren eta bertze neskatikoetatik bereizteko, sorbaldaren kolorezko zintak paratzen zituzten.

Gaur egun, saratsek baserritar jantzia erabiltzen dute eta horrekin batera blusa edo niki xuria; eta tradizioak dioen bezala zinta urdina ere paratzen dute. Erreginek, berriz, soineko eta blusa xuria, zinta urdina eta lorez egindako koroa paratzen dute buruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun