LGTBIfobiaren kontrako egunerako Baztango Udalaren adierazpen instituzionala

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 30a, 10:00

Maiatzaren 17an LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatu zen eta horren harira, Baztango Udalak ondoko adierazpen instituzionala egin du azken osoko bilkuran, aho batez onartu dena.

Nazioarteko erakundeek babesturik, maiatzaren 17an LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea kendu zuen nahasmendu mentalen zerrendatik. Egun horretan LGTBI+ pertsonei buruzko ikuspegia aldatu zen. Hortik aitzinera homosexualitatea ez da gaixotasun bat kontsideratzen, sendatu edo are kutsatu zitekeena, giza aniztasunaren agerbide bat baizik.

Baztandar jendartea askotarikoa da eremu aunitzetan, eta aniztasun hori onartzeak LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko eta, beraz, sexu orientazioan, genero adierazpenean eta sexu- edo genero-identitatean oinarritutako desberdinkeriak desagerrarazteko konpromisoa hartzera bulkatzen gaitu.

LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko 8/2017 Foru Legeak mugarri garrantzitsu bat ezarri zuen Foru Komunitatean, Nafarroa LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsaren abangoardian jarri baitzuen. Oraindik lan handia dago egiteke, baina Baztango Udalak engaiamendu argia du LGTBIfobiari aurre egiteko eta LGTBI+ pertsonen bizitza hobetzeko. Horregatik, elkarte eta herritar guziak animatzen ditugu LGTBIfobiari aurka egin diezaioten, LGTBI+ pertsonek arbuiorik, beldurrik, gaitzespenik, aurreiritzirik edo diskriminaziorik jasan ez dezaten.

Hondar urteotan, gorroto diskurtsoak goiti doaz larriki; diskurtso horiek LGTBI+ pertsonak laidotzen dituzte eta zalantzan jartzen dituzte unera artio egindako aurrerapenak. Kolektibo horri aitortutako eskubideak ezin dira trukerako txanpon gisa erabili. Baztango Udalarendako, giza eskubideak dira, eta, beraz, babestu, finkatu eta indartu behar ditugu.

Akitzeko, erakunde publikook aitortu egin behar dugu LGTBI+ elkarte guzti-guztiek egin duten, egiten duten eta eginen duten lan itzela. Bere garaian arlo honetan lan egin zuten pertsonei esker, gaur egun gure herrialdeak lurralde libreagoak, anitzagoak eta seguruagoak dira sexu- eta genero-aniztasunaren aldetik.

Horregatik, gaur eta beti, Baztango Udalak adierazi nahi du konpromiso irmoa duela lesbianek, gayek, transexualek, transgeneroek, bisexualek eta intersexualek jasaten duten LGTBIfobia eta diskriminazioa desagerrarazteko borrokan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun