Munduko Begiak fundazioak, Baztango Udalaren laguntzarekin, 'Inhambaneko begiak' erakusketa antolatu du. Elisenda Pons prentsa argazkilariaren irudiak ikusgai egonen dira erakusketan, «Inhambaneko (Mozambike) emakume eta gizon itsu edo ia itsu dauden talde baten iluntasunetik argitasunerako bidea erakusten dutenak. Ia 40 argazkiren bidez, protagonisten gorabeherak, aldarteak eta erreakzioak erakusten ditu, eta lurralde hartan begietako osasuna artatzeko dauden testuinguru eta bitartekoak begi-bistan gelditzen dira».
Erakusketa maiatzaren 27tik ekainaren 12ra Arizkunenea Kultur etxean egonen da ikusgai. Gainera, bihar, 19:30ean, Miradas dokumentalaren proiekzioa izanen da. Dokumentalak «Mozambikeko biztanleek begietako osasunerako duten eskubidea eskuratzeko dituzten zailtasun handiak erakusten ditu».
Munduko Begiak irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 20 urte baino gehiagoz munduko hainbat lurraldetan sendatu daitekeen itsutasunari aurre egiten aritu dena. Egoitza Bartzelonan dago baina ordezkaritzak ditu hainbat lekutan eta guztira 700 boluntario baino gehiago inplikatzen dira fundazioaren proiektuetan.