BRT Menditarrak errugbi taldeko seniorrek euskal ligako bigarren mailan txapeldun izan dira. Hori dela eta Baztango Udalak harrera eskaini zien maiatzaren 25ean, asteazken arratsaldean Baztango Balleko Etxean. Joseba Otondo alkateak eta Xabi Maia zinegotziak oroigarria eman zioten taldeko jokalari eta entrenatzaileei.
Euskal ligako bigarren mailan txapeldun izateak lehen mailara igotzeko aukera eman dio BRT Menditarrak taldeari, baina oraindik ez dute erabaki hala eginen duten. «Txapeldun izateak igotzeko aukera ematen digu bai, baina hori baina lehen jokalari nahiko garen eta taldearen egoera ikusi beharko dugu», aipatu digute. Erabakia hartu eta berehala jakinaraziko dute datorren denboraldian zein mailatan ariko diren.
BRT Eguna eta gazteek euskal ligako finala larunbatean
Aipatzekoa da BRT Eguna antolatu duela maiatzaren 28an BRT Menditarrak taldeak. Larunbatean 10:30ean, 18 urtez beheitiko Itsasmendi taldeak (BRT, Zarautz eta Irungo Txingudi taldeko jokalariak hartzen ditu) Rioja RC taldearen kontra jokatuko du euskal ligako finala. Ondotik 12:00etatik 14:00etara Baztan Seven txapelketa jokatuko dute lau taldek: BRT Menditarrak, Txingudi errugbi taldea, Zarautz errugbi taldea eta Kataluniatik datorren Manresa Rugby Club. 15:00etan zikiro-jatea izanen dute eta 17:30etik 21:00etara musika, edaria eta giro ona.