Herriko haurrek jostatzeko tokia izan dezaten, Erratzuko hainbat guraso eta herritar bildu dira auzolanean parke bat eraikitzeko. Lekua aukeratu dute dagoeneko, eta garbiketa lanak egin dituzte. Orain, proiektua aurkezteko jardunaldia antolatu dute.
Larunbat honetan, maiatzaren 28an, 10:30ean plazan elkartuko dira kalejira batekin hasteko. Ondotik, haurren kontzertu emanaldia izanen da, baita jokoak eta pintxo-potea ere. 11:30ean solasaldia izanen da Jakoba Errekondorekin lixutegian (edo elkartean, biltzen den jende kopuruaren arabera), landareez eta lorez solastatzeko eta jendeak galderak egin ditzan. Akitzeko, 13:30ean zozketa eginen dute, herriak eta komertzioak emandako sariekin. Zozketako txartelak eskuragarri daude herriko hainbat lekutan.