Ernesto Prat Urzainki

«Herria bertze modu batez ikusteko balio izan dit alkatetzak»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 22a, 10:00

Lekarozko herriko alkate da Ernesto Prat Urzainkik, eta orain arte izandako erronkez, Aroztegiko aferaz eta etorkizunera begira dituzten helburuez aritu da TTIPI-TTPArekin

Lehenbiziko agintaldia duzu. Zergatik erabaki zenuen alkate izatea?

Aitzinekoak uzten zuela jakin nuen, eta itxuraz ez zegoen inor prest alkate izateko. Iruditu zitzaidan jendeak nolabaiteko beldurra ziola ardurari eta pausoa emateko momentua izan zitekeela pentsatu nuen. Herriko alkatetzatik denok noizbait pasatu beharko genukeela pentsatu izan dut maiz, herria, ardurak eta eskakizunak bertze modu batez ikusteko. Esperientzia bizitzeko unea izan zitekeela iruditu zitzaidan. Gainera, Aroztegiko pelotazo urbanistikoaren mehatxua egonda, konpromisoari heltzeko momentua zela pentsatu nuen.

Eginbeharrak taldean banatzen dituzue?

Alkatetza taldean bortz lagun gaude eta batzarretan akta hartzearen ardura da zehaztua dugun bakarra. Suertatzen diren gainontzeko ardurak denon artean banatzen ditugu, aukeren arabera. Hilabetean behin-edo elkartzen gara, nahiz eta mezuz eta telefonoz etengabeko harremana izaten dugun. Bertzetik, lagun batek herriko diru kontuak eramaten ditu eta bertze pare bat ur horniduraz eta kontsumoaz arduratzen dira. Azkenik, herriko hainbat bazterretako sasiak garbitzeko ardura ere bertze sei lagunen artean dago banatua. Mila esker denei!

«Denok pasatu beharko genuke noizbait herriko alkatetzatik»

Ernesto Prat Urzainki, Lekarozko alkatea

Zeintzuk dira alkatearen ardurak?

Nagusiki Lekarozko batzarraren iritzia Batzar Nagusira eramatea eta lekaroztarren eskaerak Baztango Udalera. Horretarako herriko batzarrak antolatzen ditugu bi-hiru hilabetetik behin. Horrez gain, auzolanak antolatzea, bilkuretan parte hartzea, ur depositua kontrolatzea...

Alkatetzaren alde ona eta txarra?

Gauza aunitzen funtzionamendua ikasten ari naiz eta Lekaroz zein Baztan aise hobeki ezagutzen ari naiz. Ur ihesak eta arazoak daudelarik herritar batzuk laguntzeko duten prestutasuna ere ikaragarria iruditzen zait. Aldi berean, eta honekin lotuta, herrian urarekin ditugun arazoak dira buruhauste gehien ematen didatenak.

Zein izan duzue zailtasunik handiena?

Erran bezala, urarekin ditugun arazoak. Lekaroztik bertatik zein Iruritatik ailegatzen zaigu ura baina hoditeria zaharra eta eskasa da. Ihesak nonahi daude eta ur aunitz galtzen da bidean. Honi herritarrok batzuetan egiten dugun uraren kontsumo arduragabea gehitu behar zaio. Horien guziaren ondorioz, herriko depositoa tarteka-marteka batere urik gabe gelditzen da eta etxeetan ura moztu behar izaten da.

Aroztegiko aferarekin ere bueltaka ibili zarete…

Bueltaka ibili gara lekaroztarrak, baztandarrak, eta lurraren defentsan aritu den oro, izan ere, Aroztegia Lekarozen dago baina eragin negatiboa Baztan mailakoa izanen litzateke guttienez. Nafarroako Gobernua, interes orokorraren izenean, interes pribatuen alde aritu da. Herritarrok erraten genuen gisan, iazko lanak baimenik gabe hasi zituzten, eta horrela ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Berriki, auzitegi berak berretsi egin du San Martzial ermita ez dela promotoreena. Gaur egun lanak geldituak daude herritarren borrokari esker. Paradoxikoki baina, zazpi herritarrek deklaratzera joan behar izan dute lanak salatzeagatik, foruzainek eta guardia zibilek baimenik gabeko lanak babesten zituzten bizkitartean. Gure ustez, herritarren erresistentzia jarrera eredugarria izan zen eta aktibismoa eta elkartasuna eskertu nahi ditugu. Lekarozek behin baino gehiagotan utzi du argi inposatutako proiektuaren kontra dagoela, eta herritarren borondatea errespetatzea baino ez dugu eskatzen.

Aroztegiko lanak «herritarren borrokari esker geldituak daude».

Zer behar ikusten dituzu herrian?

Ostatua hainbat hilabetez itxita egon ondotik berriz irekia dago eta ez dago zalantzarik herriko giroa laguntzen duela. Modu berean, garrantzitsua da frontoia, eskola, elkartea, parkea... egotea. Nolanahi ere, orain batzartokia edo ekintzak egiteko areto baten falta sumatzen dugu. Covid-19aren pandemia dela eta, hondar urteetan ez dugu eskola edota elkartea erabiltzerik izan eta batzarrak frontoian egin behar izan ditugu. Negu bete-betean gogorrak izan dira batzarrak egiteko baldintzak.

Zer egin duzue agintaldian?

Egia errateko, alkate hasi nintzelarik hamaika asmo nituen, parkearen inguruan, herriko bideen inguruan... Baina hasi eta lau egunetara Aroztegiko lanen kalapita guzia hasi zen. Gatazka horrek energia eta indar dezente hartu zizkigun. Gero, urtero izaten omen den gisan, ur arazoak hasi ziren udaberria akitzearekin batera. Uda herriko depositua zaintzen eta ur ihesak konpontzen eman genuela erran daiteke. Tartean, ohiko aferak izan genituen: hilerriko bidea hormigoitzeko auzolana, herrian izaten diren ekintzetan laguntzea (Olentzero, Orakunde, arbolaren eguna...), pistetan zaborra botatzea...

«Herritarrek duten laguntzeko prestutasuna ikaragarria da»

Ernesto Prat Urzainki, Lekarozko alkatea

Eta zer egiteko asmoa duzue?

Lezabeko merenderoa txukundu nahiko genuke, adibidez. Iaz auzolan bat antolatu genuen horretarako baina alde batera utzi behar izan genuen eguraldiagatik. Gero eta okerrago dago. Bertzetik herriko plaza autoz betetzen da maiz eta oinezkoendako berreskuratzea gustatuko litzaiguke, herritarrak kontzientziatu nahiko genituzke herriko kaskotik polikiago pasatzeko autoarekin, parkea arras izorratua dago... Hamaika ideia eta lan badira. Artzapezpikutzak herriari ebatsitako ondasunak errekuperatzen saiatzea ere ongi legoke.

Nolako etorkizuna du herriak?

Lekarozek bizitzeko eta haurrak hezi eta hazteko neurri polita duela erranen nuke. Etorkizuna euskaraz ikusi nahiko nuke, naturaren erdian edo ondoan, inondik inora naturaren gainean.

Hurrengo urtean segitzeko prest?

Alkate izandakoek aipatu izan didate bi urte nahiko motz gelditzen dela. Lau urte, aldiz, luze egiten omen da. Egia errateko, oraindik ez dut horretan pentsatu, aldaketa unea hurbiltzean sentsazioen, gogoen eta indarren balantzea eginen dut eta erabakiko dut. Edozein modutan, jakin badakit Lekarozen jende aunitz dagoela alkate izateko gogoz eta aukera eman behar zaiela pentsatzen dut (irriz). Lehen erran bezala, esperientzia aberasgarria da eta denok pasatu beharko genukeela iruditzen zait. Agintaldiaren balorazioari dagokionez, pena dut momentuz kudeaketa hutsera mugatu dugula gure jarduna eta ez dugula ekarpen berririk egin. Pandemiak erabat baldintzatuak egon gara baina kirol jardueraren bat herrian ospatzea gustatuko litzaidake, Lekarozko ingurune naturala balioan paratuko lukeena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun