LGTBI+fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 15:30

Gaur, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren kontrako eguna ospatzen da nazioartean. Amaiurko eskolako haurrek banku bat margotu dute ortzadarraren koloreekin, eta Baztango Berdintasun Zerbitzuak ondoko oharra zabaldu du:

Nazioarteko erakundeek babesturik, maiatzaren 17an LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea kendu zuen nahasmendu mentalen zerrendatik. Egun horretan LGTBI+ pertsonei buruzko ikuspegia aldatu zen. Hortik aitzinera, homosexualitatea ez da gaixotasun bat kontsideratzen, sendatu edo are kutsatu zitekeena, giza aniztasunaren agerbide bat baizik.

Gorroto-diskurtso LGTBIfobikoak modu arriskutsuan naturalizatu dira, erasoek (eta/edo jasotako salaketek) gora egin duten bezala.

Baztandar jendartea askotarikoa da eremu aunitzetan, eta aniztasun hori onartzeak LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko eta, beraz, sexu orientazioan, genero adierazpenean eta sexu- edo genero-identitatean oinarritutako desberdinkerien kontra lan egitera bulkatzen gaitu. Baztango Udalak ere LGTBIQ+ pertsonenganako eta genero-aniztasun eta aniztasun afektibo-sexualarekiko gorroto, errepresio edo indarkeria adierazpenak desagerrarazteko esfortzuak egiteko konpromisoa dauka.

Horretarako hainbat ekintza burutu izan ditugu azken asteetan: ZINEGOAK film laburren proiekzioa, Kattalingune zerbitzuaren aurkezpena eta sentsibilizazio saioa klaustroendako eta herritarrendako, eta guraso elkarteekin eta eskolekin batera herri eta eskoletako elementu desberdinak margotzeko eginen diren ekintza desberdinak. Gaurko egunarekin, Amaiurren burutu dute ekintza hau.

Gaur LGTBIQ+ eta trans banderak jarri ditugu udaletxean, eta hilabete honetako osoko bilkuran, Udalak adierazpen instituzional bat egingo du LGTBIQ+fobiaren aurkako konpromisoa adierazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun