Baztan-Bidasoko pentsionistek Elizondon egin dute hilabeteroko elkarretaratzea

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 08:00

Baztan-Bidasoko pentsionistek Elizondon egin zuten elkarretaratzea maiatzaren 16an.

Hilabeteroko martxari eutsiz, Baztan-Bidasoko pentsionistek elkarretaratzea egin dute, oraingoan maiatzaren 16an Elizondoko Plazan

«Udaberri bete betean, maiatzean, inguru honetan baita loraila ere. Lehen genituen arazoak eta gatazkak gutti balira, Estado Profundo deitzen den honetan bertze episodio edo eskandalu berri bat agertu zaigu, espioitza ankerrarena, nahiz eta Euskal Herrian beti egon izan garen horren baitan, gerra zikinaren baitan, ustelkeriaren baitan». Gure hurbilean ere karrikara ateratzeko premia izan dute afera desberdinengatik: «Bidasoa ospitale komarkaleko kirofanoa dela eta, Haur Eskolak baldintza prekarioan daudela, greban segitzen baitute, Nafarroan euskarari jazarpena egiten segitzen dute eta, ingurumenei erasotuz makro proiektuak bere horretan segitzen dute, bertzeren artean».

Amaiuraldia ekainaren 5ean

Baztan-Bidasoko pentsionistek aipatu dutenez, «hurbilean eta plano orokorrean dauden arazo eta gatazken aitzinean Euskal Herriak hartu beharko lukeen ardura gauzatzeko, behin eta berriz aipatu dugu burujabetzaren beharra. Eta hurbil dugu hau irudikatuko duen ekitaldia gure eskualdean: Amaiuraldia».

Ekainaren 5ean eginen den Amaiuraldia iragartzeko prentsaurrekoan pentsionisten mugimenduko zenbait kidek parte hartu zuten. Amaiurren hasi eta Elizondon akituko da ekitaldia, «iragana gogoratuz, orainaldian zer nahi dugun, behar dugu landu etorkizuna. Herri honen alde borrokatu zuten determinazioak indartu behar gaitu etorkizunaren alde lan egiteko. Burujabetzaren alde jauzi emateko aukera izanen dugu egun horretan Euskal Herriko jendarteak. Pentsionistok ere hor egonen gara».

Bertze aldetik, «bankuek eta kutxek, beren irabaziak handitze aldera etengabeko murrizketak burutzen dituzte. Horrek zenbait jendeei, batez ere adinekoei, gestioak egiteko eragozpenak sortzen dizkie. Hori dela eta eskualdeko herrietan aurkeztu zen mozio bat pentsionisten izenean, bankuetan egin behar diren gestioak herritarrei errazteko. Joan den hilabetean aipatzen genuen Etxalarren eta Lesakan onartu zirela, eta geroztik onartu dira mozioak Arantzan, Beran, Igantzin, Donezteben, Sunbillan eta Baztanen, aurkeztu diren udal guzietan».

Bizikleta martxa

Euskal Herriko Pentsionisten bizikleta martxa  ekainaren 13an Donostian eta hiriburu berean ekainaren 25ean akituko da. Gure eskualdeari dagokionean, Almandoz aldetik sartuko da, ekainaren 22an, Oronozen bazkaldu eta segituko du Bera aldera. Baztan-Bidasoko pentsionistek ere ere parte hartu behar dute antolakuntzan, batez ere Beran, bertan afaldu eta lo eginen baitute. Martxa honekin Pentsionisten mugimenduak dituen aldarrikapenak sozializatu nahi ditu, eta herritarren parte hartzea zabaldu, «azken finean jendarte guztien aldeko aldarrikapenak baitira. Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu eta ekitaldi txukunagoak egin oihartzun handiagoa izanen du aldarrikapen taulak».

Eta azkenik, sinadurak biltzen segituko dute, hiru puntu nagusiekin: Pentsioak egokitzerakoan benetako  KPI bermatzea, guttiengo pentsioa pobreziaren ataletik gainean kokatzea (1.080 euroraino osatzea), eta pentsio sistemaren publikotasuna bermatzea, 2011, 2013 eta 2021ko erreformen murrizketak bertan behera utziz. «Ikusten den bezala, ez dugu geldirik egoteko aitzakiarik».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun