Errugbiaren gaupasa eginen du BRTk larunbatean Larraintzarren

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko mai. 17a, 11:00

Kontzertuak, ohiko antzerkia eta sorpresak izanen dira maiatzaren 21ean Gaupasan

Hemeretzi urte pasa dira BRTk lehendabiziko Gaupasa antolatu zuenetik, eta 2020 urtera arte antolatzen aritu dira. Covid-19rengatik besta bertan behera utzi behar izan dute bi urtez, baina aurten hamazazpigarren Gaupasa antolatzea lortu dute Larraintzarko frontoian.

Hala ere, aldaketak izanen dira aurtengo edizioan, izan ere, urtero egiten zen 350 pertsonako afaria ez da emanen. «Honen arrazoi nagusiena batik bat Covid-19ko protokoloak utzi digun denbora falta da. Arras zaila izaten baita horrelako afari bat azken orduan antolatzea. Pena ederra denentzat, hala ere ez gaitezen nostalgiko jarri garai hobeak etorriko dira eta... edo behintzat izan dezagun esperantza horretan», diote BRT-Menditarrak klubeko ordezkariek.

Honenbertzez, egitaraua ondokoa izanen da: 21:30ean ate irekiera izanen da DJ TirriErdyk alaituta. Behin barrenerat sartuta bokatak afaltzeko aukera izanen da. Bokatak arrats guztian eskuragarri izanen dituzte hurbiltzen direnek. Ondotik, 23:30ean kontzertuak hasiko dira. Lehena, Txingones de la Rencle mariatxi taldea izanen da. Gero, Trikidantz taldeak bere erromeri eta doinuekin dantzan paratuko du frontoia. Hau akituta, DJ Txurri eta Muski izanen dira bukaera arte.

Frontoian ez da musika bakarrik izanen, BRTk hainbat sorpresa eta ohikoa den antzerkia ere eginen ditu. Hauez gain, bi zozketa eginen dira. Batetik, Divertis Bidai Agentziak 300 euroko bonua zozketatuko du, bidai agentzian nahi bezala erabiltzeko. Bertzalde, zonaldeko produktuak dituen saskia ere izanen da eskuragai. Bi zozketa hauen txartelak taldeko partaideek salduko dituzte Gaupasan. Doneztebe, Elizondo zein Iruñerrira bueltatzeko autobusa izanen da besta akitzean.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun