Hasmenta hargintzan
«Ttikitatik» naturaltasunez bizi izan du hargintza Soulek, etxean ikusi duena baita; «oroitzen naiz ttikia nintzelarik aitak harrietan hainbat gauza marrazten zizkidala nik zizelkatzeko; lauburuak, etxeak… Atentzioa eman zidan eta gustua hartu nion».
Urteak pasatuta, etxeko negozioarekin segitzeko erabakia hartu zuen; «ez zen erraza izan, bertze ikasketa batzuk nituen eta hortan lanean ari nintzen. Baina ez naiz damutu, arras gustura nago lan honetan».
Ogibide zaila
«Gaur egun harritik bizitzea arras zaila da». Hala ere, «zortea» dutela aitortu du Soulek, «kanposantuko aferetan ere mugitzen garelako; hilarriak, panteoiak, zaharberritze lanak… egiten ditugu». Harriak «aunitz» eskatzen du; «denbora eta pazientzia gehienbat».
«Ttikitatik naturaltasunez bizi izan dut hargintza»
Albaro SOULE GARCIA
Hargintzatik gehien gustatzen zaiona «harriak transmititzen didan barne bakea» da, baina ez da beti ona; «bakea bai baina lan teknikoetan urduritasun edo estres puntu hori ez da goxoa izaten».
Hargintzaren etorkizuna «gero eta zailagoa» ikusten du Soulek; «gaur egungo jendeak ez du baloratzen lan bakoitza egiteko gibeletik zenbat ordu sartu behar diren. Tristea da baina azken urte hauetan ikusi duguna da. Mundu globalizatu honetan, lan ttiki hauek ez dute leku aunitzik. Hala ere, aitzinerat egiten saiatzen segituko dugu».
Ikus-entzunezkoen sortzaile
Hargintzaz gain, bideogintzak «betitik erakarri nau». Gazteagoa zelarik «gauzak grabatzeko eta editatzeko ohitura» hartu zuen, «niretako gehienbat, oroitzapen bezala». Bere kabuz ikasi du dena, eta «benetan hunkitzen nauten esperientziak» grabatzen ditu; «abenturaren bat, errekaren jaitsieraren bat, bidaiaren bat…».
«Bideoak niretako egiten ditut, oroitzapen gisa»
Albaro SOULE GARCIA
Duela urte batzuk, gainera, drone bat oparitu zioten. «Poliki-poliki» erabiltzen ikasten hasi zen, eta orain Baztango hainbat txoko bertzelako ikuspuntu batetik erakusten ditu. «Esperientzia eta baliabide ederra da zerutik irudiak hartzeko eta, dena bezala, orduak eta orduak sartzen ikasten da».
Azken urteetan lan profesionalak egiteko aukera izan du; «bideoklipak, iragarkiak, argazkiak… baina egia erran bideoak niretako egiten ditut, artxiboan izateko. Aunitz disfrutatzen dut bideoak egiten eta editatzen».
Bere bideoak Youtubeko Soule Produkzioak kanalean partekatzen ditu; «plataforma interesgarria iruditzen zait lanak plazaratzeko».
Etorkizunera begira
Etorkizunera begira, «etxeko lanarekin segitzea eta bizitzaz eta naturaz gozatzea» da Albaro Souleren asmoa.