Baztan Kirol elkarteak jakinarazi duenez, Igotz Gardek ez du datorren denboraldian Baztan futbol talde nagusiko entrenatzaile izaten segituko. Bigarren entrenatzaile izan den Xabi Maiak ere ez du segituko. Bi urte eta erdi eman ditu bikoteak taldea gidatzen. Joan den urtean hirugarren mailatik jautsi ondotik, aurten, berriz ere hirugarren mailara igotzeko faserako sailkatu zen Baztan futbol taldea doi-doi, baina zortzigarren postuan akitu du eta ez du igotzea lortu.
Baztan futbol taldeak eskerrak eman dizkie bere konpromisoagatik eta egin duten lan handiagatik eta klubeko ateak zabalik izanen dituztela gogorazi die.
Zuzendaritza batzordea berritzeko hauteskundeak maiatzaren 28an
Bertze aldetik, maiatzaren 4tik aitzinera Baztan Kirol elkartea kudeatzen duen batzordeak bazkideei jakinarazi dienez, klubeko zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko hauteskundeak maiatzaren 28an eginen dituzte. Hauteskunde hauetarako hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 24an akituko da. Hautagaitzarik aurkeztuko ez balitz, ez ohiko batzar orokorra deituko dute maiatzaren 28an, gai bakarrarekin: Klubaren egoera aztertzea, zuzendaritza batzordea berritzeko hautagaitzarik aurkeztu ez delako.
Zuzendaritza berrituko balitz, ekainaren 3rako deitu den batzar orokorrean hartuko luke kargua.