Olaia Elizaldek lortu du ikasketa akaberako lana egiteko Baztango Udalaren dirulaguntza

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 9a, 15:30

Autokontsumo partekaturako potentzialitate fotovoltaikoaren azterketa egin nahi du Elizaldek Berroetan

Urtero bezala Baztango Udalak bailararekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanak eta proiektuak diruz laguntzeko deialdia egin du. Aurten bi proiektu aurkeztu dira deialdirat, baina epaimahaiak horietako bat baztertu du oinarriak betetzen ez zituelako, hortaz, onuradun bakarra izanen da, Olaia Elizalde Garaikoetxea. Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua egiten ari da Elizalde EHUn eta lana aurkeztu ondotik 500 euroko saria jasoko du. Erabakia ortzegunean egindako Tokiko Gobernu Batzordean hartu zuen udalak.

Aurkeztutako proposamenarekin, autokontsumo partekaturako potentzialitate fotovoltaikoaren azterketa egin nahi du Elizaldek Berroetan. Proiektu honen bidez herrian ikerketa bat eginen du aplikatu daitezkeen komunitate energetikoen, autokontsumorako aukeren, legediaren eta traben inguruan. Horrela, Berroetan energia-komunitateak integratzeko aukera baloratzen da, eta bertze urrats bat ematen da sistema elektriko zentralizatu batetik deszentralizatu batera igarotzeko. Horrekin Berroetan energia aurrezpena bultzatu nahiko litzateke, energia garbien eta berriztagarrien lehentasunezko erabilera sustatuz.

Proiektua egiteko, araudi, lege eta bibliografiaren azterketa eginen du, datuen bilketa herrian, hainbat aukeren analisia eta aukera egokienaren hautaketa, instalazio fotovoltaikoaren proiektu teknikoaren diseinua eta horren ondorio eta abantailen azterketa.

Deialdiko epaimahaia Lekarozko institutuko eta Elizondoko lanbide heziketa ikastetxeko zuzendariek, Baztango Cederna-Garalurreko teknikariak eta Baztango alkateak osatu dute. 2016an hasi ziren lehenbizikoz dirulaguntzak ematen eta orain arte hamar proiektu diruz lagundu dituzte: turismoa Baztanen, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia,  mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea, Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa, Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa,  emakume etorkinen egoerari buruzko lana, Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat; Baztango turismoa iraunkorra al da?, XVIII.  mendetik aitzinera bailarako auzokide izateko irizpideak nola aldatu ziren aztertzen duen lana eta iaz, Jauregia esnekietarako postretarako esneki berriaren diseinua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun