Info gida 2022

«Ekoizpen ekologikoa garbiagoa da gure bezero, ingurugiro eta behien ongizaterako»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 10a, 12:00

2004an hasi ziren Aitor eta Mikel Azkarate aniztarrak gasnak eta jogurtak egiten, «beti izan ditugu behiak etxean, eta hasiera batean esne guzia saltzen genuen, baina gasnak egiten hasi ginen eta zati bat guk erabiltzen. 2010ean esnea saltzeari utzi genion dena guk transformatzeko».

Gasna, jogurtak, jogurt irabiatua eta esne pasteurizatua saltzen dituzte, «inguruan gehienbat, Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Iruñean». Produktuak ekoizpen ekologikoaren zigilua dute; «behiak kanpora ateratzen ditugu bazkatzera, urtean behi bakoitzari bi antibiotiko ematen dizkiogu gehienez eta ez ditugu ongarri kimikorik erabiltzen. Produktu garbiagoak ekoizten ditugu, hobeak gure bezeroendako, ingurugiroarendako eta gure behien ongizaterako».

Jauregia etxaldean bisita gidatuak egiten dituzte bezeroek ekoizpen prozesuaren berri izan dezaten; «ekoizpen ekologikoaren eta esne sektorearen historia eta egoera azaltzen dizkiegu, gure eguneroko lana erakusten diegu, gasnategian produktuak nola egiten diren azaltzen diegu eta dastaketa batekin akitzen dugu bisita. Jendea sektorearen garrantziaz ohartzea nahi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun