Urki Neol Burlada arizkundarrak Espainiako hirugarren ebanisteria ikasle hoberenaren izendapena lortu du. Iruñeko Donibane Lanbide Eskolan ikasten du Neolek eta Alfonso Erro tutorearekin batera aste honetan Madrilen egin den Spainskills lehiaketan lortu du saria.
Txapelketa honetan lanbide heziketako ikasle hoberenek haien trebezia erakutsi dute hainbat arlotan; zurgintzan, mekanikan, ebanisterian… Guztira, estatu osoko 28 ikaslek parte hartu dute lehiaketan. Nafarroako Donibane Lanbide Eskolako bi ikasle ere bertan izan dira: Alain Cilveti Fernando Ziganda tutorearekin zurgintzan eta Urki Neol Alfonso Erro tutorearekin, hirugarren postua lortu dutenak ebanisterian. Gaur egin dute sari banaketa Madrilgo IFEMA azoka-barrutian, eta epaileek adierazi dutenez, maila «arras altua» izan du lehiaketak. Zorionak!
Alex Santesteban iruritarra ere txapeldun
Era berean, Alex Santesteban Opoka iruritarra zilarrezko dominarekin saritua izan zen joan den martxoan Madrilen egindako Spainskills lehiaketako CNC fresaketa kategorian. Santestebanek Iruñeko Virgen del Camino ikastetxeko Abel Laskurain tutorarekin parte hartu zuen Eraikuntza mekanikoko arloan eta bigarren postua lortu zuen. Zorionak zuri ere!