Xabier Ertze Atxa

«Euskal gazteria zutik eta indartsu dagoela erakutsi dugu»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 8a, 08:00
Ernaik Baztanen egindako Gazte Martxako antolatzaileetako bat izan da Xabier Ertze Atxa.

'500 eta ZUTIK' Gazte Martxa antolatu zuen Ernaik Baztanen apirilaren 14tik 17ra eta Euskal Herriko 3.000 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten ekimenean.

Zugarramurdin hasi zen martxa, eta Erratzun geldialdia egin ondotik, Elizondoraino ailegatu zen. Bertan, gazteek kontzertuak, solasaldiak, mahai-inguruak eta bertzelako ekitaldiak izan zituzten, «euskal gazte indendentistondako elkargune bat sortzeko, elkar saretuz, komunitatea osatuz eta indarrak batuz». Xabier Ertze Atxa elizondoarrak, Baztango Ernai taldeko kide eta Gazte Martxako antolatzaileetako batek, ekimenaren balorazio positiboa egin du.

Noiz sortu zen Baztango Ernai taldea?

Lehenagotik ere Ernaiko talde bat bazegoen ere, guk taldea birsortu genuen 2018ko abenduan. Gazte Mugimendua berpizteko nahia izan zen, nire ustez, taldea sortzera eraman gintuena, gerora horrek bertze hainbat esparrutan ere gazteen aktibazioa ekarri baitzuen; Gazte Asanbladan, Neska* Gazteen taldean eta bertze hainbertzetan.

Zenbat kidek osatzen duzue taldea?

Orain bertan zazpi lagun gara taldean.

Zergatik erabaki du Ernaik aurtengo Gazte Martxa Baztanen egitea?

Aspalditik bagenekien aurtengo Gazte Martxa Baztanen izanen zela. 2020ko Gazte Martxa Nafarroan izan behar zen, Uxuetik Tafallarat, baina pandemia dela eta hau bertan bera utzi behar izan genuen, baita 2021ekoa ere. Aurten, Amaiurko batailaren 500. urteurrena gogora ekarriz, Gazte Martxa Baztanen egiteko erabakia hartu genuen.

«Herriaren memoriaren lekukoa hartzea gazteoi dagokigu»

Xabier Ertze Atxa, Baztango Ernai

Zein izan da ekimen honen helburu nagusia?

Bi helburu nagusi genituela erranen nuke Gazte Martxa honi begira. Batetik, Euskal Herri osoko gazte independentistondako elkargune bat sortzea, elkar saretu, komunitatea osatu eta indarrak batzeko; eta bertzetik, gazte antolakundeak urte askotan zehar ospatu duen udaberriko ekimena bi urteko geldialdiaren ostean berriz ospatzea. Erranen nuke bi helburuak guztiz bete ditugula Gazte Martxa honekin.

Amaiurko batailaren 500. urteurrena gogoan izan duzue ekitaldi nagusian. Zein da zuretako eta euskaldunendako guda horren erranahia?

Amaiurko bataila euskaldunon erresistentziaren ikur nagusia da. Bertan, duela 500 urte, berrehun pertsona bizia emateko prest agertu ziren, nafar askatasunaren alde. Ordutik ere, hainbat eta hainbat izan dira herriaren alde dena emateko prest agertu direnak. Gazteoi herri zahar honen memoriaren lekukoa hartzea dagokigu, gure kontakizun propioa eraikitzeko; nondik gatozen argi izanda bakarrik egiten ahalko dugu aitzinerat.

Zenbat lagunek parte hartu dute ekimenean?

Euskal Herriko txoko guzietatik etorri diren 3.000 gazte baino gehiagok egin dugu bat Baztanen ekimen honetan.

3.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute '500 eta ZUTIK' gazte martxan. ERNAI

Zer egin duzue egun hauetan Zugarramurdin, Erratzun eta Elizondon?

Eskaintza politikoa zein aisialdi eskaintza eduki ditugu egunotan. Aukera izan dugu, batetik, hausnarketarako eta jakintza kolektibizatzeko, eta bertzetik hainbat kontzertuz eta herriko giro onaz gozatzeko.

Kontzertuez gain, mahain-inguru eta tailerrak egin dituzue. Zer landu duzue bertan?

Hitzaldi, tailer eta mahai-inguruetan era guzietako gaiak landu ditugu; Euskal Herriko prozesu independentistaren erronkez aritu gara, borroka feminista eta transmaribibolloa landu ditugu, mugimendu ekologistari buruz solastatu gara, Europako hainbat prozesu independentista ezagutu ditugu eta bertze hainbat gairen inguruan ikasteko aukera izan dugu.

Zein izan da zuretako Gazte Martxan bizitako momenturik politena?

Niretako martxako momenturik hunkigarriena Elizondon larunbatean egindako ekitaldi nagusia izan zen. Bi zatitan egon zen banatua; lehenik poema eder bat irakurri zuen bertako gazte batek, eta gero Ernaiko bozeramaile Ane Alavak hitzartze hunkigarri zein motibagarria egin zuen.

Hala ere, dena ez da ona izan. Eraso sexista eta homofoboak salatu dira egun hauetan, ez?

Zortzi eraso sexista eta homofobo salatu dira martxan zehar, nahiz eta badakigun salatu gabekoak bertze hainbertze izanen direla. Guzti honek erakusten digu Gazte Martxa bezalako espazioak seguruak izatetik arras urrun daudela emakume* zein sexu eta genero disidenteendako. Hala ere, balorean paratu behar da edozein motatako erasoak salatzeko neska* gazteek garatutako mekanismoak, autodefentsa feminista praktikan jarriz eraso hauei erantzuna emateko gai izan baitziren.

«Militantziari gogotsu ekiteko balio izan digu martxak»

Xabier Ertze Atxa, Baztango Ernai

Ekimen handia izan da eta antolakuntza handia eskatu izanen du, ez?

Ehun gazte inguruk hartu dugu parte Gazte Martxaren antolakuntzan eta muntaian zein desmuntaian. Hainbat lantaldetan antolatu gara horretarako: egitarau politikoko lantaldea, azpiegitura lantaldea, eskulangileak, sukaldaritza lantaldea, barra lantaldea, segurtasun lantaldea, zaintza lantaldea, komunikazio lantaldea... Antolakuntzatik haratago, ehunka lagunek txandak bete dituzte martxa osoan zehar.

Baztango gazteek ere antolakuntzan lagundu dute?

Bai. Txandak antolatzen, txandak betetzen edo bertzelako laguntza eskaintzen, Baztango gazte eta ez hain gazteek aunitz lagundu digute. Arras eskertuak gaude jendeak eskaini digun laguntza guziarekin.

Nolakoa izan da herritarren harrera?

Guk dakigunez behintzat, bai Erratzun baita Elizondon ere jendea kontent dago egondako giroarekin. Antolakuntza aldetik, dena arras ongi antolaturik zegoela komentatu digute.

Akitzeko, Iruñean Aberri Eguna ospatu zenuten…

Ekimena larunbatean akitzen bazen ere, igandean gazteok Aberri Eguna ospatu genuen Iruñean, EH Bilduren manifestazio nazionalean parte hartuz eta horren ondotik hirian antolatutako ekimenetan egonez.

Zer nolako etorkizuna ikusten diozu euskal gazteriari?

Nire ustez, Gazte Martxa honek balio izan digu euskal gazteria bizirik dagoela erakusteko, pandemiaren ondotik zutik eta indartsu gaudela erakusteko eta borrokarako grina eta ilusioa berpizteko. Orain, bertan bizitako esperientzia motibazio bezala erabili behar dugu gure herrietan lanean segitzeko, gazteria independentista aktibatu eta artikulatzeko, eta Euskal Herri sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna helburu izanik, gure eguneroko lan militanteari inoiz baino gogotsuago ekiteko.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrak ematea bertzerik ez antolakuntza lanetan ibili diren gazte guziei, laguntza eskaini diguten baztandar guziei eta txanda guzietan ibili diren pertsona guziei, guztion ekarpenari esker atera ahal izan dugulako ekimen hau aitzinerat. Bertzetik ere, eskerrak eman nahi dizkiet Erratzuko eta Elizondoko biztanleei, martxako partaideok gure etxean bagina bezala sentiarazteagatik. Eta azkenik eskerrak Gazte Martxara etorri diren gazte guziei, Erratzu eta Elizondo hain ongi zaintzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun