Hemeretzi urte pasa dira BRTk lehendabiziko Gaupasa antolatu zuenetik, eta 2020 urtera arte antolatzen aritu dira. Tamalez, Covid-19rengatik besta bertan behera utzi behar izan dute bi urtez. Zorionez, 2022.urtean hamazazpigarren Gaupasa antolatzea lortu dute.
Afariaren ordez, bokatada
Hala ere, aldaketak izanen dira aitzinetik egin diren Gaupasekin alderatuz. Izan ere, urtero egiten zen 350 pertsonako afaria ez da emanen. «Honen arrazoi nagusiena batik bat Covid-19ko protokoloak utzi digun denbora falta da. Arras zaila izaten baita horrelako afari bat azken orduan antolatzea. Pena ederra denentzat, hala ere ez gaitezen nostalgiko jarri garai hobeak etorriko dira-eta...edo behintzat izan dezagun esperantza horretan», diote BRT-Menditarrak klubeko ordezkariek.
Horrelako egoeraz jabetuta, taldeak, besta hau alde batera uztea ezinezkoa zela pentsatzen zuen: «Berriz ilusioz eta pozez bueltatzeko elkar-beharra dugulakoz, bai zuek eta nola ez, gu. Horregatik aukera paregabea dugu elkar berriz ikusteko eta sentitzeko, BRTk Zuen beharra baitu!».
Egitaraua
Honenbertzez, egitaraua ondokoa izanen da: 21:30ean ate irekiera izanen da DJ TirriErdyk alaituta. Behin barrenerat sartuta bokatak afaltzeko aukera izanen da. Bokatak arrats guztian eskuragarri izanen dituzte hurbiltzen direnek. Ondotik, 23:30ean kontzertuak hasiko dira. Lehena, Txingones de la Rencle mariatxi taldea izanen da. Gero, Trikidantz taldeak bere erromeri eta doinuekin dantzan paratuko du frontoia. Hau akituta, DJ Txurri eta Muski izanen dira bukaera arte.
Frontoian ez da bakarrik musika izanen, BRTk hainbat sorpresa eta ohikoa den antzerkia ere eginen ditu. Hauez gain, bi zozketa eginen dira. Batetik, Divertis Bidai Agentziak 300 euroko bonoa zozketatuko du, bidai agentzian nahi bezala erabiltzeko. Bertzalde, zonaldeko produktuak dituen saskia ere izanen da eskuragai. Bi zozketa hauen boletoak taldeko partaideek salduko dituzte Gaupasan. Doneztebe, Elizondo zein Iruñarrira bueltatzeko autobusa izanen da besta akitzean.
Jende beria sartzeko entrenamenduak
Azkenekoz, oroitarazi BRT-Menditarrak taldeak jendea behar duela jokatzeko eta horretarako kirol hau probatzeko aukera ematen ari dira bortz entrenamendutan. «Entrenamenduak jende berrian zentratzen ari gara, izan ere taldearen jarraikortasuna izateko berebizikoa baitugu jende berria sartzea», diote. Datozen hitzorduak maiatzaren 14, 19 eta 26an izanen dira Lekarozen 20:00etan.