Beñat Irastorza Ugaldek irabazi du 2022ko (H)ilbeltza beka

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 5a, 14:30

Fred Vargasen Debout les morts eleberria euskaratuko du Irastorzak

(H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak (H)ilbeltza beka banatu dute bertze behin, «euskarazko nobela beltza sustatzea eta sormen eta itzulpen lanak saritzea» helburu duen ekimena. Deialdira aurkeztu direnak Fred Vargas idazle frantsesaren Debout les morts eleberriaren lagin bat euskaratu behar izan dute. 13 lagun aurkeztu dira eta Beñat Irastorza Ugalde ordiziarra izan da irabazlea.

Beñat Irastorzak (Ordizia, 1993) matematika ikasketak egin zituen Bartzelonan eta «literatura eta hizkuntza zalea» da aspalditik. Gaur egun Frantzian bizi da eta hau du bere lehenbiziko itzulpen lana.

Joseba Otondo Baztango alkateak, Koldo Biguri (H)ilbeltzako ordezkariak eta Garazi Arrula Txalapartako ordezkariak osatu dute epai-mahaia, eta Irastorzaren lana aukeratzeko irizpideen artean, «frantsesezko obraren erritmoari tentuz eta zentzuz jarraitu diola» azpimarratu dute. Gainera, «nabarmentzekoa da erabilitako joskera, euskaraz testu irakurgarria egin nahian. Orobat, hizkuntzaren erregistroak zaindu ditu eta euskara aberatsa darabil, eta irakurketa gozagarria eta bizia eragiten du ondorioz».

Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du, erdia orain emanen zaio eta gainerako 3.000 euroak eleberria euskaratzeaz bukatzean. Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du liburua 2024ko (H)ilbeltzan.

(H)ilbeltza beka

Baztanek «aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak. Beraz, euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdea dela erran dezakegu».

Euskal Nobela Beltzaren Astearen harira sortu zen beka; «lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta 2020an aurkeztu zuen Josu Barambonesek. Hurrengo sormen beka Miren Gorrotxategik irabazi zuen eta Sotoan gordeak izenarekin argitaratu zuen. Azkenik, aurtengo (H)Ilbeltzan aurkeztu da Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik egindako itzulpenean. Iazko sormen beka Eneko Barberena idazlearen proiektuak jaso zuen, eta, dena onbidean, urte amaieran kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun