Iruritako bestak prestatzen laguntzeko deialdia egin dute antolatzaileek

Ttipi-Ttapa 2022ko maiatzaren 4a

Otorduetako txartelak erosteko informazioa ere eman dute

Bi urteko geldialdiaren ondotik, hasi dira berriz ere herrietako bestak, eta Iruritan maiatzaren 25etik 29ra eginen diren Salbatore besten prestaketak hasi dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, maiatzaren 14ean otorduetarako txartelak salduko dituzte Gizarte Bilgunean 10:00etatik 13:00etara, 25 eurotan zopetakoak eta 30 eurotan zikirokoak. Gainera, etxe-sarien eske pasatuko dira egun berean, goizez. Maiatzaren 27an eginen den jubilatuen bazkariko izen-ematea eta txartelak, berriz, Olarin hartzen ahalko dira 15 eurotan.

Maiatzaren 14ean kioskoa muntatuko dute, eta eguraldi txarra eginez gero hurrengo larunbaterako utziko dute. Maiatzaren 21ean, berriz, herria txukuntzeko auzolana eginen dute. 09:00etan Erreboteko plazan elkartuko dira horretarako. Honez gain, bestetako larunbat eta igande goizean karpa garbitzeko eta zikiro egunean gauzak prestatzeko laguntzaileak beharko dituzte, eta astelehenean ere gauzak garbitu eta txukuntzeko laguntza beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun