Baztango herrietako alkateek aurkeztutako mozioa onartu zuen ortzegunean egin zen Baztango Udaleko udalbatzak. Mozioan «alkateek eskatzen zuten bideak zolaberritzerakoan orain arteko irizpidea mantentzea, hau da, jendea bizi diren baserrietako bideak lehenestea. Baita ere zola berritu nahi diren bideei buruz herri bakoitzeko alkatearekin aitzinetik egotea». Mozioa EH Bildu eta Navarra Sumaren aldeko 9 bozkekin onartu zen eta Ezkerra eta Geroa Bairen 4 abstentziorekin.
Mozioaren arabera, «jendea bizi diren baserrietako aunitz oraindik behar den bezalako biderik gabe daude, eta udaletxearen irizpidea izan da jendea bizi diren baserrietako bideak hormigoiztatzea eta behar den bezalako zola emate». Idatzian ere adierazi dute «herrietako alkateak izaten direla herritarren eskaerak aunitzetan hartu eta udalera eramaten dituztenak, eta eskaera franko orokorra da jendea bizi diren baserriei behar bezalako zola ematea». Horregatik, «garrantzitsua» iruditzen zaie «irizpide hori mantentzea, bai udalak egiten dituen bideetan, baita ere parlamentutik lortzen diren dirulaguntza normatiboetan».
Gainera, «alkateak izaten dira herritarren arrangurak aditu behar dituztenak, eta egiten denari buruzko arrazoi eta irizpideak argiak direlarik, gauzak hobe ibiltzen dira». Horregatik eskatu dute zolaberritze lanak egin aitzinetik herrietako alkateekin egoteko.