Makroetxalde eta abeltzaintza estentsiboari buruzko mahai-ingurua egin du Talde Ekosozialak Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 2a, 15:30

Apirilaren 29an Fantxikeko plazaren kanpoko aldean udaberri giroan izan zuten hitzordua eta bertan Anizko Jauregia etxalde ekologikoko Mikel Azkarate eta Greenpeaceko arduraduna den Lorea Flores hainbat gairen inguruan solastatu ziren Gorka Laurnagaren gidaritzapean

Sarrera hitzan, Laurnagak erran zuen Hego Euskal Herriko jatekoen %90 kanpotik ekartzen dela, «eta oraingo elikadura-sistema gainbeherena den petrolio merkean oinarritzen dela». Floresek gehitu zion abeltzaintza intentsiboa eta estentsiboa «gradiente baten arabera» harremantzen direla; «gradientearen mutur batean abeltzaintza eredurik intentsiboena egonen litzateke, arruntean industriala, azienda pila, kanpoko argirik ikusi gabe eta bizi guztia kanporat atera gabe. Hori izanik muturrekoena, gradiente batean ematen da estentsiborako definizioa».

Azkaratek Jauregiako proiektua azaldu zuen, «eredu intentsibo konbentzional batetik ekologikora egin zuten aldaketa: 100 behi eta 22 hektarea izatetik, 40 behi eta 35 hektareako eredu batera pasatu ziren, eskura duten belagiekin aziendak bazkatuz eta purinak hedatuz».

Gaur egun, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak berotegi efektuko gas-isurien %20 egiten du munduan, eta Nafarroan ere «hala dela» adierazi zuen Floresek, «%20 horretatik %14 abeltzaintza intentsiboaren ardura» dela azpimarratuz. Munduko deforestazioaren %80 nekazaritza industrialarekin lotua dago, «oihanak kentzen dituzte abeltzaintza industrialerako pentsua egiteko». Caparrosoko behitegia solasbide hartuta, «behitegiko gorotzak beren lurretan hedatzeko urtero 150.000 litro gasoil behar dituzte», horri «pentsua eta garraiatzeko behar dena gehitu behar zaio. Berotegi-efektuko gasen isuria nabarmena da».

Floresek adierazi zuenez, Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) arabera «2030erako CO2 isuriak %50erat murriztu behar dira, 2050ean 0 izateko, baina abeltzaintza eta nekazaritza intentsibo eta industrialarekin hori ezinezkoa da».

Azkaratek gehitu zuen «maneiu ekologikoarekin lurrak emankorragoak direla, orain 40 urte Baztango ia baserri guztietan egiten ziren maneiu berak. Nafarroan behi batek konbentzionalean 36-40 esne litro ematen du banaz-bertze eta 14 kilo pentsu jaten ditu egunero. Ekologikoan 20 litro ematen du gehienez eta pentsua abendutik martxora, eguneko 3 kilo inguru». Hori dela eta, «oraingo egoera ekonomikoak ez du halako ondoriorik beraien hazkuntzan eta gasolio guttiago erabiltzen dute». Bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, «eredu industrialean esne-behi batek 2,15 erditze izaten ditu eta bortz urtez biziko da, denera 10.000 – 12.000 esne litro emanez. Ekologikoan 6 erditzera ailegatuko da eta denera 30.000 litro emanen ditu».

10.000 milioi pertsonako mundua nekazaritza ekologikoarekin elikatu ote daitekeen planteatu zuten mahai-inguruan. Floresek jakinarazi zuenez, «oraingo ereduarekin munduan gose diren 800 milioi pertsona daude eta dugun banaketa-sistemarengatik, Europan bakarrik 8000 milioi tona jateko zaborrontzirat botatzen dira urtero». Frantziako CNRS erakundearen arabera, «eredu ekologikoarekin mundu guztiarendako jatekoak produzitzen ahal dira, baina barazki gehiago janez, lurren errotazioak eta bertze maneiuak eginez eta abeltzaintza estentsiboa eginez tokiko baliabide eta bazkekin. Europa guztia 2050erako ekologikoan aritu ahalko litzateke».

Akitzeko, Azkaratek azaldu zuen ereduz aldatzeko «arrunt konbentzituta» egon behar dela eta «kanporat atera behar dela gauza berriak ikustera». Gaur egun Baztanen nekazarien banaz bertzeko adina 56 urtekoa da, «jendeak aldaketa baino noiz jubilatu du buruan». Herritarrek «zergak zertarako erabiltzen diren» jakin beharko luketela adierazi zuen, «berriki arte Europako Batasunaren aurrekontuaren erditsua nekazaritzarako zen, baina zein nekazaritza bultzatzeko? Baserriak ere aukerak eskaintzen ditu gauzak bertze modu batera egiteko eta bizimodu gozagarria izateko lanpostu duin batekin eta egun libreekin eta oporrekin. Baina horretarako antolatzeko bertze moduak bilatu behar dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun