Aitor Bazterrika Zelaieta

«Herriarendako lan egitea da alkatetzaren gauzarik politena»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 30a, 08:00

Elizondoko alkatetzan lehenbiziko agintaldia du aurtengoa Aitor Bazterrika Zelaietak (Elizondo, 1979). Alkatetza hartu duenetik, hainbat kontutan ibili da lanean herritarrekin eta herritarrendako.

Zergatik erabaki zenuen alkate izatea?

Nire erabakia herriaren alde lan egitea izan zen. Bederatzi lagun elkartu ginen, denon artean bozketa egin genuen eta ni suertatu nintzen aukeratua. Orain kargua txandaka aldatzea da gure asmoa.

Nortzuk dituzu kargudunak?

Ane Ballarena, Itxaso Iriarte, Imanol Arretxea, Antton Mujika, Aitor Jaen, Jaime Fagoaga, Tomas Garmendia, Hasier Azurmendi eta ni gaude taldean. Hamabortzero biltzen gara normalean, eta lan gehiago baldin bada, astean behin.

Nola banatzen dituzue lanak?

Bakoitzak bere eginbeharrak ditu; hiruren artean kontuak eramaten dituzte, bat kanposantuaz arduratzen da, bertze batek auzolanak eramaten ditu, bertze bik sare sozialak, kartelak, bileretako aktak… Besta komisioaz herriko gazte kuadrilla bat arduratzen da.

Zeintzuk dira alkatearen ardurak?

Herriko ordezkaria naiz eta harreman zuzena dut udalarekin. Zorionez, udalan egiten dut lan eta hemengo funtzionamendua ulertzeak aunitz erraztu dit lana. Herriko bestetan eta ekitaldi garrantzitsuetan ere ni naiz ordezkaria kargudunekin batera, denak talde bat garelako.

Basozaina zara, beraz, herri-lurren kudeaketaren funtzionamendua lehenagotik ezagutuko zenuen…

Bai. Alkatetza hartu eta lehenbiziko ekitaldi ofiziala Batzar Nagusia izan zen, herri-lurrak kudeatzen dituena. Hiru hilabetetik behin egiten da eta hor gaude 15 alkateak, udaleko 13 ordezkariak, kuartel bakoitzeko juntero bat eta mendiko ordezkariak, guztira 40 pertsona inguru. Baina mendiko ordezkariek ezin dute bozkatu, horregatik, orain alkatea naizela ardura handiagoa dut.

Zein da alkatetzaren alderik zailena?

Zailena Batzar Nagusia iruditzen zait, bozkatzeko ordua. Behatza goititu behar izatea, nire ustez denon hobera izanen den zerbaiten alde edo kontra, norbaiti kalte eginen ote dioten jakin gabe.

Eta hoberena?

Gehien gustatzen zaidana herritarren beharrak udalera ekartzea eta bertan zuzentzen edo konpontzen saiatzea da, hori da niretako errazena. Herriarendako lan egitea da alkatetzak duen gauzarik politena. Eta alde polit gehiago dituela deskubritu dut; auzolana berreskuratu dugu eta horrek jendea elkartzen du. Gero egiten den gosari, merienda, afari edo dena delakoan sortzen den giroa polita izaten da. Gainera, hainbertze konponketa egin ditugu Elizondon udalaren laguntzari esker.

Zer behar ikusten dituzu herrian?

Elizondok duen beharrik handiena herriko sarrera da, 2012tik bueltaka ari gara Baztan Berritik egin nahi den zubiarekin. Orain arte ezin izan dugu proiektua aitzinerat eraman zubiak ez zituelako konfederazioaren neurri eta baldintzak betetzen. Orain Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari esker proiektua enpresa bati esleitu diogu eta martxan dago. Proiektuan, enpresaz gain, udal ordezkariak egonen gara, hau da, arkitekto munizipala, lan publikoen zinegotzia eta herriko ordezkari pare bat. Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta konfederaziokoak ere bertan izanen dira, zubiaren diseinua eta nondik norakoak denon artean adosteko eta afera gehiago ez luzatzeko. Horrez gain, argien sarea hobetzeko eta argi kutsadura murrizteko 550.000 euroko aurrekontua onartu dute Baztan osorako. Kristoren berri ona da, herritar aunitz ez daudelako konforme argiaren kudeaketarekin.

«Herritar guzien beharrei erantzuten saiatzen gara»

Aitor BAZTERRIKA, Elizondoko alkatea

Udaberrian turismoa goiti egiten hasi da. Erraza da kudeatzea?

Elizondoren etorkizuneko egoerak kezkatzen nau. Gaur egun ostatuak eta jatetxeak nahiko larri dabiltza jendez eta jende aunitz etortzen den sasoietan ez da denendako lekurik bazkaltzeko eta afaltzeko. Hemendik hamar urtetara aunitz erretiratuko dira eta ikusi beharko da nolako etorkizuna izanen duen herriak.

Nola konpondu daiteke arazoa?

Turismoa ezin da itoko gaituen olatu bat izan guretako. Baztanendako diru sarrera bat da, baina guk egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu, hau da, Elizondon badira hotelak, apartamentuak, landetxeak… baina zein da turisten iritzia? Herrira ailegatu gara, buelta bat eman dugu baina ez dugu bazkaltzeko tokirik aurkitu eta Etxalarreraino joan behar izan dugu. Hor lana egin beharko da, baina ez dago gure esku bakarrik, jendea ez baita Elizondora etortzen, Baztanera baizik. Egia da herri handiena garela, Dolores Redondoren liburuetan Elizondoko leku aunitz agertzen direla eta bailarara etortzen diren guziak Elizondo bisitatzen dutela, baina inguruan baditugu bertze etxe, mendi eta lekuak bisitatzeko, eta turismoa gehiago banatu beharko litzateke. Alde horretatik turismo bulegoa aunitz hobetu da eta zerbitzu hobea ematen du. Jendea sakabanatzeko gai izateak aunitz lagunduko du turismoa kontrolatzen, bailara osoan ibil dadin. Bertzenaz betikoa pasatuko da; denak Xorroxinera, Amaiurrera… Hau saihesteko proiektu bat egin genuen joan den urtean elbetearrekin auzolanean, Oinaskako ibilbidea. Aurten bidea txukuntzeko ideia dugu eta proiektuan gehiago sakondu nahi dugu; seinalizazioez gain panelak paratu daitezke, informazio gehiago eman… ibilbideari etekin gehiago ateratzeko.

Elbetearrekin batera auzolanean egin zuten Oinaskako ibilbidea 2021ean.

Horrelako proiektuetan auzolana garrantzitsua da?

Dudarik gabe. Joan den urtean aunitz zentratu ginen herria hobetzen auzolanaren bidez. Udalak Nafarroako Gobernuari eskatutako dirulaguntza bati esker. Espaloi zabalago eta seguruagoak paratu genituen eta jendeak aunitz eskertu zuen lana. Aurten ere hainbat karriketako garbiketak esleitu ditugu, eskolako bidean adibidez, eta zubiak lixatu, bernizatu eta pintatzeko asmoa dugu. Herritar guziak ordezkatzen dituen taldea gara eta denen beharrei erantzuten saiatzen gara. Adibidez, zahar etxean badaude bakarrik dauden adinekoak, bisitarik ez dutenak, eta astebururen batean 20-30 boluntario elkartu eta buelta bat ematera atera nahiko genituzke.

Auzolanaz gain, zein bertze asmo dituzue?

Aunitz dira. Adibidez, herritar batek arras guti ikusten du eta espaloi bat egokitzeko eskatu ziguten, arras irregularra delako, toki batzuetan zabalago eta bertzeetan meharrago. Dirua lortu dugu espaloi hori egokitzeko eta guretako arras proiektu inportantea da. Honez gain, Elizondoko eta Beartzungo bide batzuetan brea paratzeko proiektua prestatu digu Asier Zabalzak eta aunitz eskertzen diogu. Proiektu hauek gauzatzeko lehengo alkatetza taldearekin harremanetan jarri gara, haiek horrelako hainbat proiektu egin zituztelako, eta egin gabe gelditu zirenak aurten aitzinera ateratzeko aukera izanen dugu. Bertze hainbat proiektu ere egin ditugu; herriak 2.500 euroko saria lortu zuen egindako konpostagatik eta edukiontzi berriak paratu ditugu diruarekin. Kanposantuan ere lanak egin ditugu, bi espaloi berritu ditugu, nitxoetan teilak paratu nahi ditugu eta kolunbarioak eginen ditugu.

Etxebizitza aurkitzeko ere zailtasunak ditugu Baztanen gaur egun.

Bai, gazteendako batez ere arazo larria da. Horregatik, udalarekin eta Nasuvinsarekin batera bilerak egiten ari gara herriko etxea barnetik moldatu, egokitu eta alokairu sozialak egiteko. Ez dugu aurten eginen baina aurrerapauso batzuk eman ditugu dagoeneko eta Europako dirulaguntzak ditugu. Asmoa 11 etxebizitza egitea da, baina herritarren beharretara bideratuko dugu. Gehienez zazpi urte bizitzeko izanen dira, dirulaguntzak izanen dituzte ordaintzeko eta Nasuvinsak inbertitutakoa berreskuratzean, diru sarrerak herriarendako izanen dira.

«Gazteek kristoren konpromisoa dute herriarekin»

Aitor BAZTERRIKA, Elizondoko alkatea

Nola baloratuko zenuke zeure agintaldia?

Uste dut hori herritarrek baloratu beharko luketela. Ahal dugun guzia ematen ari gara eta kontent gaude. Gainera, aunitz pozten naiz talde gaztea garelako. Herriko gazteek badute konpromisoa, aurten besta komisioan lau pertsona gehiago sartu dira, denak gazteak. Belaunaldi berriek herriarekiko kristoren konpromisoa dute eta eskertzekoa da.

Elizondori etorkizun ona ikusten diozu?

Gazteak inplikatzen badira, bai, dudarik gabe. Lan egiten utzi behar zaie, ilusioa eta ideia berriak ekartzen dituzte eta horrek aunitz laguntzen du.

Hurrengo agintaldirako alkatetzan segitzeko prest egonen zinateke?

Elizondoko hurrengo alkatea emakume bat izatea gustatuko litzaidake. Gure taldeko bi neskek ez dute nahi, baina adibidez, besta komisioan gehienak neskak dira, eta alkatetzan sartzera animatu behar ditugu. Helburua odol berria sartzea da, jende eta ilusio berriak. Hala ere, herriarekin dudan konpromisoa lau urtekoa da, eta bi urte alkate izanda bertze bi urte kargudun gisa segituko dut. Baina oraingoz ez gara horretan pentsatzen ari, bestak antolatzen ari da herriko komisioa buru-belarri. Kristoren lana egiten dute, isilpekoa, inork ikusten ez duena. Jende hain gaztea horrelako ardurak hartzen ikustea ikaragarria da!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun