Lixura enpresa publikoak Baztango Haur Eskola kudeatzeko lehen pausoak eman ditu udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 29a, 10:30

Zerbitzuaren kudeaketa publikoa egin nahi du Baztango Udalak, «zerbitzua hobetzeko, proiektu pedagogikoa bermatzeko eta laneko baldintzak duintzeko» helburuarekin: Hortaz, «baliabideak ahalik eta eraginkorren erabiltzearen ikuspegitik», dagoeneko lanean ari den enpresa publiko baten bidez erabaki dute zerbitzua ematea, «bertze enpresa publiko bat sortu beharrean».

Baztango udalbatzak atzo egin zuen bilkuran Lixura Baztan S. L. enpresa publikoaren estatutuak aldatzeko erabakia hartu zuen, «enpresaren helburu sozialen artean Baztango Haur Eskolaren kudeaketa sartuz». EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko hamar boto izan zituen erabakiak eta Navarra Sumaren kontrako hiru.

Udalak adierazi duenez, «une honetan haur eskola kanpoko enpresa batekin kudeatzen du udalak. Helburua izanik zerbitzua hobetzea, proiektu pedagogikoa bermatzea eta laneko baldintzak duintzea, kudeatzeko ereduen arteko azterketa ekonomikoa egiten ari da Baztango Udala, zerbitzuaren kudeaketa publikoa egiteko asmoarekin».

Azterketa ekonomikoaren zirriborroak «enpresa publikoa egiteko aukera aurreikusten du», eta «baliabideak ahalik eta eraginkorren erabiltzearen ikuspegitik», dagoeneko lanean ari den enpresa publiko baten bidez erabaki dute zerbitzua ematea, «bertze enpresa publiko bat sortu beharrean».

Haur eskola «oinarrizko zerbitzu publikoa dela» gogorarazi dute, eta haur eskolen egoera Nafarroan «guztiz zehaztu gabea izaten segitzen duela». Gainera, «eskola diren aldetik, hezkuntza departamentuak bere gain hartu beharko lituzke, ez udalek. Berez, Nafarroako Gobernuak finkatzen ditu ratioak eta moduluen kostuak». Hezkuntza prozesuko maila bat gehiago direnez, «horren araberako tratamendua» behar dutela adierazi dute, «proiektu pedagogikoaren iraupena bermatuz».

«Nafarroako Gobernutik etorri beharreko erabakiak etorri bitartean», Baztango Udalak «pausoak ematen segitzea» erabaki du, eta Lixuraren estatutuak aldatzeaz gain, «txosten ekonomikoa onartu beharra dago eta udalbatzak zerbitzua emateko agindua hartu beharra du».

«Atzokoan estatutuen aldaketari hasierako onespena eman zitzaion, orain aldizkari ofizialean argitaratu beharko da eta behin betiko onartu, eta horren ondotik, erregistroan aldaketak ofizializatu. Hortaz, prozesu guztia hilabete batzuez luzatuko da oraino». Atzoko bilkuran onartu zen mozio osoa irakurtzeko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun