Larunbatean aurkeztu zuen ekitaldia Nafarroa Berriz Altxak Amaiurren bertan. Amaiurraldia auzolanean, Baztango bizilagun eta herri mugimenduekin elkarlanean antolatu dutela azaldu zuten, eta Nafarroa eta gainontzeko Euskal Herritar subiranistentzat aldarrikapen eta besta egun bat antolatu nahi izan dutela.
«Nafarroako subiranista eta independentistentzat data hau gure iruditegian gorriz markatuta dago. Amaiurko urtemuga honekin ziklo historiko bat ixten da, 1512ko konkista odoltsu hartatik 9 urtetara, Nafarroako Erreinua berreskuratzeko hirugarren saikerarena».
Gaurkotasun handiko aldarrikapen eguna izanen dela nabarmendu dute, beren iritziz inoiz baino garrantzitsuagoa baita erabakia non eta nork hartzen dituen jakitea. «Hemen libreki hartzen ez ditugun erabakiek, Nafarrek krisi ezberdinei ematen diegun erantzunak baldintzatzen dituzte», salatu dute.
«500 urte beranduago, katea ez da hautsi eta gero eta gehiago gara otzana den eta huts egin duen Europa honetan berriro ere gure burua gobernatu nahi dugunak. Horregatik, ekainaren 5ean Amaiurko zelaiak mezu garbi batekin beteko ditugu. Gure arbasoei egin diezaiekegun omenaldirik onena da errepublika aske eta burujabe batera eramanen gaituen burujatzea prozeso propio eta herritar baten eraikuntza», nabarmendu dute.
Amaiurko ekitaldia
Ekainaren 5ean, igandean izanen da Amaiurraldia. 11:30ean Amaiurko zelai eta monolitoan ekitaldi politikoa eginen dute. Ondotik, 12:15ean, oinezko martxa eginen dute Amaiurtik Arizkuneraino, eta bertatik Elizondora joanen dira autobusean. Elizondon festa gunea antolatuko dute, eta hainbat ekintza eginen dituzte bertan. Datozen egunetan emanen dute ekitaldi horien berri.
Nafarroa Berriz Altxatik nabarmendu dute lehentasuna dela Amaiurko gune berezia zaintzea. Horregatik, autobusez joateko deia egin dute, ekitaldia hobeki antolatzeko. Horretarako, maiatzaren 5ean, izena emateko 30 toki fisiko baino gehiago jakinaraziko dituzte.