Izaro BIDEGAIN

«Sahararren sufrimendua gehiegi luzatzen ari da»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 23a, 08:00
Arizkungo gaztea Saharako haurrez inguratuta, Saharara egin zuen bidaian.

Izaro BIDEGAIN ZUBELDIA, Saharaztan elkarteko kidea

Bi urteko geldialdiaren ondotik, udan Mendebaldeko Saharako haurrak etxean hartzeko Oporrak Bakean programa abiatu du Saharaztanek. Herritarrei parte hartzeko deia egin die Bidegainek 

Gatazka hasi zenetik 47 urtera, hizpide izaten segitzen du Saharak. Azken asteotan Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin bat egin du Espainiako Gobernuak eta horrek ekarri du lehenbiziko lerrora. Egoera ez da ona, eta urteak daramatzate horrela. Baina Mendebaldeko Saharako herriari laguntzea helburu duten elkartasun keinuak ere etengabeak dira, baita gurean ere. Baztan-Bidasoko Saharaztan elkartasun taldeak, erraterako, urte saila daramatza Mendebaldeko Saharako herriari laguntzen, Oporrak Bakean programaren bitartez hango haurrei harrera eginez, edo bertzelako hainbat jarduera prestatuz. Bi urteko geldialdiaren ondotik, aurten ere Oporrak Bakean programa antolatu du, eta Izaro Bidegain Zubeldia (Arizkun, 1994) Saharaztaneko kidearen hitzetan, «inoiz baino beharrezkoagoa dute laguntza».  

Nolako bilakaera izan du Saharaztanek antolatutako Oporrak Bakean programak urteotan?
Saharaztan taldea 2008an sortu zuten eta geroztik Oporrak Bakean programaren bitartez Saharako haurrak ekartzen ditu. Baina taldea sortu baino lehenagotik gaur egun Saharaztanen dauden kide batzuek Saharako haurrak beraien etxeetan hartzen zituzten. Urte batzuetan harrera familiek goiti egin zuten. Gure etxean, adibidez, 2011n ekarri genuen lehendabiziko aldiz Saharako haur bat, bederatzi urteko neska bat, eta uste dut urte hartan 21 Saharako haur ailegatu zirela eskualdera. Azken urte hauetan, berriz, aunitz jaitsi da harrera familien kopurua, bai gure eskualdean, baita Nafarroa osoan ere.

Nola doa aurtengo kanpaina?
Badakit eskualdean baten batek informazioa eskatzeko deitu duela, baina Nafarroa mailan harrera familiak eskas omen dira. Ea gehiago animatzen diren. Aurtengoan zortzi urteko haurrak etorriko dira, hau da, 2014an jaiotakoak. 50 gradutik goiti, ia jatekorik gabe eta baliabide eskasak dituzten basamortutik ateratzea eta hemen mediku azterketak egitea izan da beti helburu nagusia. Beraiendako arras garrantzitsua da mediku azterketak egitea eta elikadura ona izatea. Aurten, ordea, bertze helburu bat gehitu zaio kanpainari. Izan ere, 1991n Rabatekin sinatutako su-eten akordioa 2020ko azaroan hautsi zuen Marokok, eta gerra hasi zen. Mutil gazte eta gizonezko gehienak gerran daude. Hortaz, izenak erraten duen bezala, oporrak bakean pasatzeko helburua du aurtengoak, gerran eta kanpalekuetan arnasten duten tristuratik urrun.

  

Bi urtez Mendebaldeko Saharako haurrak ez dira Euskal Herrira etorri. Egoerak okerrera egin du?
Bai, pandemiagatik bi urtez ez dira gure artera etorri, horrek dakartzan ondorioekin. Bi urtez ez dute inongo laguntzarik hartu, ezin baikenuen hemendik deus bidali, ez jatekorik, ez sendagairik... Hortaz, osasun arazoak areagotu dira, eta zailtasunak dituzte hain baliabide eskasekin aitzinera segitzeko. Pandemiak guregan eragina izan du, ba imajinatu normalean hain baliabide eskasak dituzten leku batean, inongo laguntzarik hartu gabe... Gainera, hori guti balitz, tarte horretan gerra hasi da eta kanpalekuetan zeuden mutil gazte eta gizonak gerrara joan dira. Beraien egoera aunitz okertu da. Abenduan kanpalekuetan egon zirenek diotenez, orain arte egindako aurrerapauso guziek gibelera egin dute, eta oinarrizkoak diren gauza batzuk lortzeko arazoak dituzte. Aurten inoiz baino beharrezkoagoa dute laguntza. 

«Guk haiei ematen dieguna baino aunitzez gehiago hartzen dugu bueltan»

Nolako esperientzia da harrera familia izatea?
Gure kasuan hasierak gogorrak izan badira ere, esperientzia arras polita eta positiboa izan da guretako, eta gehienendako. Egokitzapena egin behar da, beraiendako dena berria baita: ohiturak, kultura, hizkuntza, elikadura... Lehendabiziko udatik bigarren udara sekulako aldea nabaritzen da, bigarren urtean ezagunak baitituzte familia eta lekua. Guretako oinarrizkoak diren gauzekin harritzen dira: txorrota edeki eta ura ateratzea, itsasoa, mendi berdeak, errekak... Hala ere, guk haiei ematen dieguna baino aunitzez gehiago hartzen dugu bueltan. Nola disfrutatzen duten ikustea arras polita eta pozgarria da, baina beti mantentzen dute familia biologikoarekin duten lotura. Zenbatetan aditu ote dugu ez dutela sorterrira joan nahiko hemen dituzten gauza guziekin. Baina ez da horrela. Denek itzuli nahi dute beraien basamortuko etxe xumeetara. Hemen gauza materialak dituzte baina Saharako familiarekin duten lotura aunitzez indartsuagoa da. Duguna gehiago baloratzen ikasi beharko genuke. Haurrak familian kide bat gehiago izateaz gain, beraien familia biologikoarekin ere lotura polita sortu ohi da. Positiboa izanen da hartu-emana, familia gehienek errepikatzen baitugu eta ttikiak ere gogotsu bueltatzen baitira. 

Apirilaren 15ean akitu zen aurtengo Oporrak Bakean kanpainan parte hartzeko epea. Oraindik norbaitek nahi badu egin dezake?
Saharaztango edozein kideri erraten ahal digu edo ANAS Sahararen Nafarroako Lagunak Elkartera dei dezake, informazioa eskatzeko bada ere.


 
Saharaztanek Saharako herriari elkartasuna adierazteko ekimen gehiago ere egiten ditu...
Urtean zehar hainbat ekimen egiten ditugu: Otsailaren 27a sahararrek SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuten eguna izan zen eta egun hori oroitzen dugu, Baztango eta Malerrekako ferietan tonbola egiten dugu, haurrak ailegatu baino lehen hainbat jatetxetako otorduen zozketa egiten dugu, gaupasak ere egin izan ditugu, hitzaldiak...

Urtean zehar nolako harremana duzue Saharako herriarekin?
Familia bakoitzak bere etxean egondako haurrarekin harremana izaten dugu. Baina horrez gain, Saharaztanek hango beharrak asetzen laguntzeko laguntza ematen du. Adibidez, jatekoa, sendagaiak... bidali izan ditugu hainbertzetan, edo ekonomikoki hango proiektuetarako laguntza eman izan dugu. Horietako batean, ur deposituak erosi eta banatu genituen. 

«Ez dute sahararrera dena errespetatzen, ezta beraien eskubideak ere»

Zer dio Saharaztanek Espainiako Gobernuko presidentearen azken adierazpenen harira?
Gure ustez, bertze behin, ez dute sahararrengan eta haien eskubideengan pentsatu. 47 urte daramatzate autodeterminaziorako erreferendumaren eta soluzio baten esperoan eta ez diete aukerarik ematen haiena den herriarekin zer egin aukeratu ahal izateko. Ez dute sahararrera dena errespetatzen, ezta beraien eskubideak ere. Sahararren sufrimendua gehiegi luzatzen ari da. Errefuxiatuen kanpalekuetan eta hain baliabide gutirekin denbora gehiegi da. Gainera, handik ateratzea arras zaila dute.

Zer informazio duzue Mendebaldeko Saharatik?
Badakigu kezkatuak eta haserre daudela, baina informazio eskasa ailegatzen zaigu handik. Beraien segurtasunagatik hango egoeraren, mugimenduen edo gertakarien berri nahi baino gutiagotan izan ohi dugu. 

Marokok publiko egin du Espainiarekin egindako akordioa...
Bere intereseko akordioa da, aspalditik dago Maroko horren esperoan. Mendebaldeko Sahara baliabide naturalen aldetik lurralde aberatsa da, munduko fosfato meategi haundienetarikoa du, baita arrantza banku erraldoia ere, edota, petrolio, gas, burdin, kobre eta uranio erreserbak.

«Saharako berri guti aditzen dira hedabideetan, blokeo informatiboa izugarria da»

Saharak hedabideetan toki guti duela uste duzu?
Saharako berri guti aditzen dira hedabideetan, blokeo informatiboa izugarria da. Uste dut dena interes kontua dela, Espainiako Estatuari ez zaio komeni Saharako gatazkaren errealitatea ikustea. Ukrainako gerraz ainitz solastatzen da, eta irudi ugari ikusi ditugu. Saharako gerra hasi zenean, berriz, ez zen deus ikusten eta aditzen.

Zerbait gaineratuko zenuke?
Haur bat hartzeko eta esperientzia zer den probatzeko animatuko nuke jendea, Saharako haurrek munduko bertze edozein tokitako haurrek dituzten eskubideak dituzte. Eman diezaiegun aukera bat. Bertzetik, eskualdeko jendeari eskerrak eman nahiko nizkieke, Saharaztanek egiten duen deialdietan erantzun positiboa hartzen baitugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun