LGTBI+ film laburren proiekzioa eginen dute Elizondon asteartean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 24a, 10:00

'Ilunabarrean esan' film laburraren irudi bat

Sexu eta genero aniztasuna lantzen dituzten bortz film labur proiektatuko ditu Berdintasun Zerbitzuak apirilaren 26an Arizkunenean

Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko eguna ospatuko da apirilaren 26an eta Baztango Berdintasun Zerbitzuak film laburren proiekzioa antolatu du, «LGTBI+ kolektiboaren errealitateak ezagutzeko eta sexu eta genero aniztasuna balioan paratzeko». Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko film laburrak proiektatuko dituzte, Arizkuneneko hitzaldi aretoan (azken solairuan), 18:00etatik 19:30era.

Bortz film labur ikusiko dituzte denetara;

  • Elsa (Katalunia, 2021): Elsak 6 urte ditu, eta, bere adineko beste edozein haurrek bezala, zoriontsu eta aske bizi nahi du. Badaki gehiengoaren aldean desberdina dela, baina, gaztetxoa izan arren, gauzak garbi ditu: badaki neska bat dela eta badaki bere bizitzako erregina dela. Nork jarriko du hori zalantzan?
  • Berak baleki (Euskadi, 2021): Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du.
  • Azaletik azalera (Euskadi, 2021): Lerro eta formen artean, eskuek elkar ukitu, ezagutu eta esperimentatzen dute, azalen arteko mugak hautsi nahian.
  • Ilunabarrean esan (Euskadi, 2021): Iruñea, 2002. Segi gazte-erakunde politikoa legez kanpo utzi dute. Urko eta haren lagunik onena, Jon, Segiko kideak dira. Urkoren bizitzak bi aurpegi ditu: publikoa eta pribatua. Bizitza publikoan, militante eredugarri bat da, langilea; pribatuan, desira ezkutuak asetzen aritzen da, bai autobus-geltokiko gizonen komunetan, bai Takonera parkeko txoko ezkutuetan. Bizitza sexualak inguratuko ditu Urkoren bizitza sozial eta politikoa, eta egoera horrek eragina izango du haren harreman eta erabakietan, inguruan duen guztia zalantzan ipintzeraino.
  • Ocupa (Brasil, 2020): Camilak pasioz bizi ditu moda eta kontrakultura. Gau batean, Anisha ederra ezagutuko du, Berlingo eraikin okupatu batean bizi den neska bat. Camila amesten hasiko da, eta Anisharekin Berlinera joateko planak egingo ditu, baina beraren lagun min eta adiskide Chrisek ez du berak bezala pentsatzen, eta, azkenean, beste aurpegi bat utziko du agerian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun