Arizkunen eta Almandozen harrobia egiteko aukeratu diren tokiak ez direla egokiak uste du Baztango Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 19a, 16:00
Baztango Geroa Baiko Ruben Ziganda eta Joseba Moreno zinegotziak Lekarozen ateratako argazkian.

Erdizen Magnarekin «baztandarrontzako eskuzabalagoa izanen den akordio ekonomiko eta sozial bat» negoziatu behar dela uste du Geroa Baik

«Printzipioz harrobien aurka egon gabe, jarduera hauek burutzeko aukeratu diren tokiak ez dira egokiak»

Arizkungo eta Almandozko harrobien eta Erdizko aferaren inguruan prentsan agertutako azken berrien inguruan, bai eta bizilagunen aldetik jasotako adierazpen eta galderen aitzinean ere, Baztango Geroa Baitik zenbait argibide eman nahi izan ditu. Honela, Arizkunen edo Almandozen harrobi banarentzako zundaketak egiteko eta bere kasuan martxan jartzeko Canteras Atxa enpresaren eskabideei dagokienez, Geroa Baik gogorarazi nahi du «azken bi Batzar Nagusietan alegazioei eta idazkiei gure taldeak emandako babesa esplizitua izan zela, eta gure botoak herrien aldarrikapenen aldekoak izan zirela». Baztango Geroa Bairen iritziz, «printzipioz harrobien aurka egon gabe, jarduera hauek burutzeko aukeratu diren tokiak ez dira egokiak». 

Paraje horietan in situ egin zen parlamentuko bisitan, «Otondo jaunak ez zigun foro horretan parte hartzeko gonbidapena egin, berriro ere udal ordezkarioi errespetua galduz. Hortaz, ezin izan genituen bizilagunak defendatu, ez eta gure parlamentariei egoera hau xehetasun gehiagorekin azaldu», dio Geroa Baik.

Canteras Atxa enpresak ofita plantaren jarduerarako «irekiera lizentziarik» duen galdetu du Geroa Baik ondoz ondoko bi udal batzarretan eta azken Batzar Nagusian. «Bertze behin ere isilunea izan genuen erantzun moduan».

Erdizko afera «kontu administratibo konplexua» da

Erdizko gaiari dagokionez, «kontu administratibo konplexu» baten aurrean gaudela uste du Geroa Baik: «mehatzea bi udal barrutitan planteatzen da, Baztanen eta Esteribarren, bertze barruti batean dagoen udal jabetza batekin eta Erregerena Mankomunitatearen partaidetzarekin. Bi aldeen arteko konponbide bat beharrezkoa dela deritzogu, horrela, alde bakoitzak bere eskumenak jardun ahal ditzan. Konponbide bat lortzeko aukera egon daiteke agian, Erdizko 576 hektareak Baztango udal barrutiaren baitan geratuko balira eta trukean Baztan Erregerena Mankomunitatetik aterako balitz (900 Ha. inguru), modu honetan Eugik 1916tik egin duen aldarrikapen historiko bati bidea emanez».

Afera honen inguruan erreferendumaren alde daudela ere azpimarratu nahi du Baztango Geroa Baik, «2011an Aroztegiarekin gertatu zen moduan (2011ko abuztuak 25), baina beti lege markoen baitan eta inplikatu guztiei begirunez egiten bada. Gainera, horretarako izendatu zen batzordean lan egin dugu eta gure botoa baiezkoa izan da».

«Inbertsioak eta dirulaguntzak ekarri direnean Nafarroako Gobernua aipatzea eta desadostasunak sortzen direnean Geroa Bairen departamentua, hori ez da batere dotorea»

Geroa Bairen ustez, «ez da batere dotorea, alderdietako ordezkariok izan behar dugun tratuaren marko begirunetsuaren baitan, Baztanera inbertsioak eta dirulaguntzak ekarri direnean Nafarroako Gobernua aipatzea, eta desadostasunak sortzen direnean beti Geroa Bairen Departamentuak aipatzea. Zalantzarik gabe, seinalatze demagogikoa da hori, onerako edo txarrerako izan, beti solaskide bera aipatu beharko bailitzateke».

Jarduera horrengatik Baztanek arras guti jasoko duela uste du Geroa Baik: «Sortuko diren kudeaketa administratiboaren alderdi administratibo eta juridikoak kontuan izanik, Magnarekin baztandarrontzako eskuzabalagoa izanen den akordio ekonomiko eta sozial bat negoziatu behar dela uste dugu. Bertze behin, akordio eta konponbideak bilatu behar direla aldarrikatzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun