Apirilaren 10ean Zarrakaztelun jokatutako Eduardo Escobarren omenezko bigarren txirrindularitza proban Nafarroako master txapelketa ere erabaki zen. Baztango txirrindulariek emaitza bikainak lortu zituzten eta Nafarroako txapeldun suertatu ziren Sarribikes taldeko Iñaki Villoria iruritarra M50 kategorian eta Elizondoko Francisco Javier Meoki (Amiñur Consulting-AEl) M60 kategorian. Kategoria honetan bigarren izan zen Beti Gazteko Luziano Mitxelena lesakarra.
Villoria zortzi txirrindularik osatutako ihesaldian sartu zen eta laugarren izan zen helmugan, lehenbizikoa Master 50 kategorian. Master 60 kategorian, berriz, txapela eta Nafarroako txapeldunaren maillota Meokirendako izan zen. Luziano Mitxelena lesakarra bigarren izan zen. Master 30 kategorian, Ruben Alonso (Beti Gazte) bosgarren izan zen, Aitor Apeztegia (Ulibeltzak) hamargarren, Gaizka Otxandorena (Beti Gazte) hamabigarren, Manuel Ganboa (Elgorriaga) hamazazpigarren eta Jon Maritxalar (Beti Gazte) hogeita laugarren.