Info gida 2022

«Bailarako artisautza sustatzeko eta elkartzeko sortu genuen elkartea»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 14a, 12:00

2018an hainbat artisauek Baztango Artisauak elkartea sortzea erabaki zuten, «bailarako artisautza sustatzeko eta artisau guztiak talde batean biltzeko». Zazpi artisauk osatzen dute gaur egun elkartea, «baina bailaran badira gehiago, eta Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko artisau guziendako dago irekia elkartea».

Hainbat motatako lanak egiten dituzte; ehunak, kosmetikoak eta xaboiak, egur tailla, sukaldeko tresnak… Molinuevok, adibidez, txalaparta ttikiak egiten ditu, «kasualitatez hasi nintzen, leku batean txalaparta ttiki itsusi batzuk ikusi nituen, eta hobe egin zitekeela pentsatu nuen, eta horrela hasi nintzen». Honez gain, azpimarratu nahi izan du «elkartean ez dauden artisau garrantzitsuak daudela Baztanen; Dufurrena kaikugilea, Soule hargina, Repi larrugilea…».

Haien produktuak ezagutzera emateko merkatuak egiten dituzte Elizondoko plazan, «udan larunbatero eta udazkenetik aitzinera hilabeteko lehenbiziko eta hirugarren larunbatean». Aste Santuari begira ere prestatzen hasi dira; «azoka handia eginen dugu Elizondon Ortzirale eta Larunbat Santuan, artisau, elikagaien ekoizle eta bertze hainbat gonbidaturekin». Jendearen interesa pizten dute, «baina sasoi turistikoetan egiten dugu lan gehien».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun