Baztango Berdintasun Zerbitzuak I. Berdintasun Plana ebaluatu zuen duela hilabete batzuk aitzinera begira dituen erronkak identifikatzeko. Orain, 'Baztango emazteki* eta gizonen* berdintasunerako I. planaren ebaluazioa' aurkeztu du, prozesu horretatik ateratako ondorioak biltzen dituen txostena.
Hainbat eragilek parte hartu dute prozesu honetan; «ordezkari politikoek, udaleko hainbat teknikarik, herriko mugimendu feministak eta hainbat emaztekik parte hartu dute hausnarketetan». Gainera, nabarmendu nahi izan dute, «bizi duten egoera zailarengatik» nekazal guneetako emaztekien eta emakume migratuen partaidetza. Herri batzarrean egindako hausnarketak txertatu dituzte txostenean eta eskerrak eman dizkiete prozesuan parte hartu duten guztiei.
Sei ataletan banatu dute txostena: sarrera, marko arautzailea, metodologia eta emandako urratsak, planaren ebaluazioa, Baztango egungo egoera eta ondorioak. Txostenaren inguruko informazioa baztan.eus atarian dago eta osoa irakurtzeko egin klik hemen. Planaren «betetze maila eta egokitasuna» aztertu dituzte eta bailarako «gizon eta emakumeen arteko bereizkeriak» identifikatu dituzte eta ondorioa «garbia» da: «Baztanen badago oraindik emazteki eta gizonen berdintasuna sustatzen segitzeko aukera eta beharra».
Behar horri «Nafarroan eta Estatuan hondar urteetan eman den marko arautzailearen garapena» gehitu behar zaio; «Baztanek, 2022ko akaberarako, Nafarroako Berdintasun Legearen arabera, Berdintasun Plan berri bat izateko betebeharra izanen du Nafarroako Berdintasunerako Plan Estrategikoa onartzen den momentutik».
II. Berdintasun Plana abian
Egindako lanarekin «iragana baloratu eta etorkizunean pentsatzen paratu gara» eta aitzinerat begirako erronkak identifikatzen hasi dira, udalean nahiz Baztango herrietan. Horregatik, «II. Berdintasun Planaren zirriborroa kontrastatzeko tenorea» dela adierazi dute, eta maiatzaren 7an saio irekia eginen dute Arizkunenean, 10:30etik 13:30era, «hurrengo urtetako plangintza estrategikoa kontrastatu eta osatzeko».