Apirilaren 11n Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta Jose Mari Aierdi lehendakariordea eskualdeko hainbat alkaterekin bildu ziren Bertizen. Bilkuran, Joseba Otondo Baztango alkateak hainbat gairi buruz galdetzeko aukera izan zuen.
Hasteko, zahar etxearen gaia landu zuen eta finantzazioaz galdetu zien, Gobernuaren dekretuarekin bat egiten duen berritze-proiektuan 10.800.000 euroko inbertsioa aurreikusi baitute. Berritzea «behar-beharrezkoa» dela adierazi zien, «oraingo egoeran erakina bera zerbitzua hobetzeko traba handia baita, eta, pertsonetan ardazturiko arreta eredua eskaini nahi bada, beharrezkoa delako azpiegituraren antolaketa berri bat, bizikidetza unitateetan oinarritua».
Nekazarien sektoreak bizi duen «egoera larria» ere aipatu zien; «azken aldiko pentsuaren eta gasolioaren igateak etxaldeak kinkan utzi ditu eta beharrezkoa da konponbideren bat ematea». Eredu iraunkorrago baterako «trantsizio antolatua» egiteko egiturazko neurriak eskatu zizkien, «bertzenaz, ereduak elkarbizitzeko azkeneko hamarraldietako politika ttikiekin eta lurrera lotutako etxaldeekin akitzea ekarriko du, mendialdetik nekazaritza desagerraraziz».
Erdizko proiektuaren gaia ere planteatu zuen, Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa ez tramitatzeko eskatuz, «baztandarren erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eta herri-galdeketa babesteko».
Mugaz gaindiko harremanak «bultzatu beharra» ere aipatu zien, gure eskualdean «muga gainditzen duen bizi-eremua dagoelako». Adibidez, Ipar Euskal Herriko Pôle Emploi eta Nafarroako Lansarea koordinatzea proposatu zuen, «hemengo herritarrek mugan bi aldeetako lan-eskaintzen berri izateko».
Haur Eskolan gaia ere jorratu zuten, «hezkuntza arloan sartzeko konpromisoaz galde eginez, eta baldintzak hobetzeko neurriak hartzeko eskatuz». Modu berean, elektrizitatearen kariotzea dela eta «arlo energetikoan eremu publikotik esku hartzeko partzuergoa sortzea» proposatu zien, Nafarroako udalak Gobernuarekin antolatu daitezen, «Ipar Euskal Herria eta Biarno hartzen dituen Pirinio Atlantikoetan duten antolamenduaren idurian».
Azkenik, euskarari buruz izaten ari diren jarrera aipatu zien, «lege aldia hasi zenetik, nafar guztien ondarea den mintzoari buruz gero eta murriztaileago ari baitira».