'Agenda 2030eko Oinarri Horizantalak Euroeskualdean nola integratu' saioa egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 13a, 19:00

Elizondoko Lanbide Eskolak martxoaren 29an Arizkunenean eta apirilaren 8an Ficoban egindako saioetan parte hartu du

Joan den martxoaren 29an POCTEFA - FORMA NAEN programaren laugarren saioa egin zuten Arizkunenean, 'Nola integratu Agenda 2030eko Oinarri Horizantal Euroeskualdean' izenpean. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko zentroek parte hartu zuten, baita Elizondoko Lanbide Eskolak ere. Aitzineko hiru saioetan bideratu zen 'Jardunbide Egokiak Lanbide Heziketan' proiektuan izandako esperientziak partekatu zituzten. Elizondoko Lanbide Eskolaren kasuan, Administrazio eta Finantzetako 2. Goi Mailako Lanbide Heziketa Zikloan landutako '2030 Agenda Enpresen Ikuspuntutik ezagutzea' jardunbidea aurkeztu zuten.

Jardunaldiaren helburua 2030eko agendako oinarri horizontalak Lanbide Heziketara aplikatzea izan da, Jardunbide Egokien Gida sortu ahal izateko, bertze zikloetan ere erabilgarria izanen dena. Elizondoko Lanbide Eskolaz gain, Usurbil LHII, Plaiaundi LH, Donapea LHI, IEZ Zubiri Manteo BHI, Izarraitz LHII ikastetxeetan landutako praktikak aurkeztu ziren, Ikaslan Gipuzkoa, TKNIKA eta Ados Sostenibilidad y Clima-ren gidaritzapean.

Mugaz gaindiko administrazio kudeaketa

Apirilaren 8an Irungo Ficoban Gipuzkoa, Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako Lanbide Heziketako ikastetxeetako 119 ikaslek parte hartu dute mugaz gaindiko administrazioari buruzko prestakuntza-jardunaldi batean, POCTEFA 'FORMA NAEN' Europako egitasmoaren esparruan.

Elizondo Lanbide Eskolatik, Administrazio eta Finantzetako 2. Goi Mailako 12 ikaslek hartu zuten parte ekitaldian. Mugaz bi aldeetako langileen lanerako desplazamenduak eta zerga ezberdinak landu zituzten, lehenik egindako aurkezpenekin eta gero, hainbat ikastetxetako ikasleak 10 laguneko lan taldetan banatuta landutako erronketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun