Iñaki OTXANDORENA

«Batzuei denbora baino lehenagotik ailegatzen zaie pilota uzteko ordua, baina niri nire momentuan ailegatu zitzaidan»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 18a, 10:00

Iñaki OTXANDORENA EIZAGIRRE, Oronoz-Mugairiko pilotaria

2012an erran zion adio Iñaki Otxandorena Eizagirrek (Oronoz-Mugairi, 1977) pilota profesionalari, 1998tik 2012ra Asegarce enpresan atzelari ibili ondotik. Orduko «oroitzapen politak» ditu gordeak, zorteko sentitzen baita, «gustatzen zitzaidan zerbait eginez bizitzeko aukera» izan zuelako, eta horrekin batera, pilotak «lagun on aunitz» egiteko atea ireki ziolako.

1998ko martxoan debutatu zuen, eta 2012ko azaroan agurtu zuen hamalau urte eta erdiko ibilbidea. Asegarcek ez zion kontratua berritzeko eskaintzarik egin baina erabakiak ez omen zuen ustekabean harrapatu: «Nire maila jaitsi zela eta gazteak indartsu heldu zirela ikusten nuen, enpresak bertze batzuen aldeko apustua egin zuen, eta banekien bukaera lehentxeago edo beranduxeago etorriko zela. Hori da bizilegea». Bere hitzetan, «batzuei denbora baino lehenagotik ailegatzen zaie pilota uzteko tenorea, baina niri nire denboran ailegatu zitzaidala uste dut». Eta beharbada horregatik «etsipen edo tristura handirik hartu gabe onartu nuen».

Aldaketa egunerokoan

Dena den, aldaketa sumatu zuen egunerokoan: «kirola eginez bizi izan garenondako, ezagutzen ez dugun mundua irekitzen da ibilbide profesionala utzita. Nik ez nuen etorkizunera begira deus egina, eta zer eginen duzun, zertara dedikatuko zaren... Horietan pentsatzen hasten zara». Bere kasuan, hasierako hilabeteak «lasai egoteko» probestu zituen, eta gainera, ongi etorri zitzaion «umeak ttikiak ziren eta beraiekin egoteko».

Hilabete batzuen buruan hartu zuen lehendik buruan bueltaka zerabilkien erabakia: «taxiaren plaza bat erosi nuen, eta geroztik horretan nabil. Mundu horretan ari den lagun batek nola funtzionatzen duen esplikatu zidan, eta nahiko garbi izan nuen». Kontatu duenez, «ez nuen ikasketarik, eta ez nuen aukera handirik lanerako, ez nengoen edozein lanetan aritzeko prestatua. Pilotagatik ohituta nengoen gidatzera, eta ez nuen egun osoa kotxean pasatzeko problemarik. Alde horretatik, nahiko erraz hartu nuen erabakia». Eta taxi gidari hasi zen, pilota utzita bertze hainbat lagunek egin izan duten bezala: «Lehenagotik bazen pilota utzita taxi gidari hasi zen bakarren bat, eta geroztik bagara kuadrilla sartuak...».

«Lanean gustura nago eta segitzeko intentzioarekin»

Gustukoa du lana, nahiz eta dena ez dela polita dioen: «Momentu txarrak ere pasatu ditugu, pandemia garaian nahiko lan guti izan dugu, gasolioaren prezioaren goiti eta goiti joan da... Ordu batzuk sartu behar diren lana da eta gauez lan egin behar da. Gauez lan eginda denborarekin erre eta utzi dutenak ezagutzen ditut. Baina ni behintzat ongi nago, gustura, eta segitzeko intentzioarekin».

Ez luke lehengo bizimodua oraingoa baino «hobea edo okerragoa denik erranen», bere ustez, «diferenteak» direlako. Orain gustura dago, baina baita lehen ere: «Egunero entrenatzen ginen, eta gustura aritzen nintzen, bai frontoian, baita gimnasioan ere, eta asteburuetan ere gustura joaten nintzen partidak jokatzera, ez nuen esfortzu berezirik egin behar izaten». Zerbait aipatzekotan, gaztaroan «besta batzuk utzi behar izan nituela» dio, eta «batzuetan gustura atera izanen nintzen, baina dena ezin da, eta egia erran, besta utzi behar izatea ez zen inolako sakrifizioa izan».

«Gaur egungo umeengan gehiago sumatzen da profesional izateko grina»

Bada argi utzi nahi izan duen beste kontu bat ere: pilotan «gustatzen zitzaidalako» aritzen zela, «noizbait hortik bizitzeko aukera izanen genuen edo ez pentsatu gabe. Gaur egungo umeengan gehiago sumatzen da profesional izateko grina hori, pilotan edo bertze kiroletan aritzen direnek debutatzea dute amets. Guk, ordea, ez genuen sekula horretan pentsatzen».

Pilotan semea tarteko

Garai hura gibelean utzita, pilotarekin gaur egun duen lotura semearen bitartez du Otxandorenak. «Asegarce utzita, lehendabizi Garfen eta gero lagun talde bat elkartu eta gure gisara ibili ginen. Urte aunitz egin nituen astebururo-astebururo pilotan jokatzen, eta buruak eta gorputzak hainbertze eskatzen ez zidan momentua ailegatu zen. Uztea erabaki nuen eta egia erran orain ez dut pilotaren faltarik sumatzen». Baztango Txaruta Pilota Eskolan ere ibili zen erakusle lanetan, baina «lanarekin nahiko betea nintzen eta utzi nuen». Geroztik «semearekin entrenamendu eta partidetara» joanez segitzen du pilotari lotuta, frontoietarako harat-honatak alde batera utziak baititu: «Ez naiz frontoietara joaten, eta telebistan ere lehen baino gutiago segitzen dut. Txapelketak direnean akaso gehiago, baina bertzela ez hainbertze».

Gaur egun, familiarekin, lanarekin eta tarteka bere afizioei keinu eginez betetzen du bere egunerokoa. «Ez dut nahi bezainbertze kirol egiten, baina pixka bat egiten saiatzen naiz. Lasterka, bizikletan, ehiza denboran zakurrekin mendian...». Gibelera begiratuta egin zuenaz kontent, etxeko hiru ttikiak ere oroituko dira attak egin zuen bideaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun