'Amaiur! Libera State' komikia aurkeztuko dute apirilaren 16an Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2022ko apirilaren 13a

Sarako Idazleen Biltzarrean komikiaren aurre-aurkezpena egin zuen Asisko Urmenetak.

Herriko plazan izanen da aurkezpena, larunbatean 12:00etan

Amaiurko gazteluaren erorketaren 500. urteurrena (1522-2022) ospatzeko, Gaztelu elkarteak hainbat ekimen eginen ditu aurten. Horien artean, Asisko Urmenetarekin batera egindako 'Amaiur! Libera State' komikia aurkezteko dute larunbatean herriko plazan 12:00etan.

Sinopsia

«Gu guztiok hilen gara. Belatzekin batera gaztelu hura defenditzearren». Johanes Agirre, Etxalarko notarioa, 1522-07-11.

Orain dela 500 urte ehun nafartar librek gogor egin diote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez. Erdiak hil dira bertan, eta bertze erdiak preso eraman dituzte, katez kargaturik.

«Jaun Jakue Belatz, zuk eta gure nazioko eta leinuko zaldun jaun horiek guztiek irabaziko duzue ezein naziok sekula irabazi ez duen ohorerik behinena». Antso Esa, Erresumako altxorzaina, Baionatik 1522-07-12.

Gutun hura da gazteluan sartzeko azkena, biharamunean hasiko baita erasoa. Hasiko... edo jarraituko, zeren Amaiurko balentrian itxi baita hamar urteko zikloa.

«Gerla hilka, Nafarroakoa: Independentzia, bidegabekeriaren aurka, Herioa, Biziaren aurka, Leialtasuna, Perfidiaren aurka». Migel Orreaga, 1923.

Album honetan, aztertu ditugu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa...

«Populuak bota ditu Espainiako armarriak eta [Iruñeko] hiria gelditu da bere buruaren jabe». Antonio Villalobos, 1521.

Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun