Espainia osoko 868 gasnaren erakusketa egin dute asteburu honetan Madriden. Aditu-taldeak gasna horiek guztiak usaindu, probatu eta ebaluatu ondotik erabaki dute zein diren 15 kategorietako 90 gasna finalistak. Bada, finalista horien artean daude Kortariko gasnategiko bi gasna, gasna ketuen kategorian bat eta gasna erdi-onduen kategorian bertzea.
Lehiaketaren finala apirilaren 25ean izanen da eta epaimahaikideek 45 irabazle aukeratu beharko dituzte, kategoria bakoitzeko hiru. Horretarako, gasna bakoitzaren azala, kolorea, testura, usaina, zaporea eta aho-gustuaren iraunkortasuna epaituko dituzte eta, azkenean, 2022ko Espainiako Gasnarik Onena aukeratu.