Teklatuarekin batzuetan, ahotsarekin bertzeetan, Euskal Herriko hainbat musika talderekin aritzen da Olaia Inziarte (Oronoz-Mugairi, 1999) musikari eta abeslaria. Nerabezaroan hasi zen musika sortzen, modu «ia inkontzientean ». Geroztik, pixkanaka murgilduz joan da musikaren barrunbeetan. Bertze artista batzuen proiektuetan musikari gisa lan egiteaz gain, etorkizunean bere ahots propioa bilatzea du helburu, esperimentatzen hastea.
Nondik heldu zaizu musikarekiko zaletasuna?
Uste dut txikitatik heldu zaidala. Nire etxean batek baino gehiagok jotzen ditu musika instrumentuak. Beti egon da joera aunitz musika aditzen egoteko. Lehenago aitatxi -amatxik bazuten ostatu bat eta oroitzapen hori dut, komedorean beti zegoela musika jarria. Aretha Franklin, eta Abba bezalako artistak nahiko txikitatik joan naiz irensten, eta nahiko txikitatik utzi didate kantatzen, eta instrumentu desberdinekin jostatzen.
Eta noiz hasi zinen musika ikasten?
Solfeo ikasketak baditut, eta uste dut hamar urte ingururekin edo hasiko nintzela. Horiek izan dira nire ikasketa ofizial bakarrak. Uste dut pixkanaka sartu nintzela. Instrumentu bakoitzak ibilbide desberdin bat eman dit. Trikitiarekin, pianoarekin, gitarrarekin zein ahotsarekin ibilbide desberdina izan dudala uste dut, erritmo desberdin batean. Pixkanakako prozesu bat izan da, nerabezarotik martxan jarria nuena, kasik ohartu gabe.
Nolatan hasi zinen abestiak konposatzen?
13 edo 14 urte nituelarik amatxik gitarra bat oparitu zidan, eta gitarra irakaslearekin hasi nintzen banituen doinu eta akorde batzuekin esperimentatzen. Berak animatu ninduen, ordurako nik aurretik eginak nituen kantu pare bat. Egiazki ez dakit zein puntutan hasi nintzen. Ez da izan erabaki kontziente bat, bertzerik gabe atera zait eta gero joan naiz emaitza horien arabera esperimentatzen. Poliki-poliki.
«GUSTATUKO LITZAIDAKE NIRE PROIEKTUA EGITEA EGUNEN BATEAN»
Zein izan zen lehen taldea?
Ezinke. Baztango lagun batzuek genuen erromeria taldea izan zen, eta trikitiarekin ibiltzen nintzen.
Handik Lamia sortu zenuen Jon Mayordomorekin. Nolakoa zen Lamia? Zer erakutsi zizuen?
Esperientzia berriak izan ziren guretako. Bat-batean zure burua mikrofono baten aurrean ikusten duzu, eta poliki-poliki hartzen duzu esperientzia, bertsioak landuz edo gure kantu propioekin. Aunitzetan onuragarriagoa da modu kontzienteago batean izatea, egoerak ongi analizatzeko eta hobe kudeatzeko. Baina, bai, eskarmentua eman zigun, eta baita konfiantza ere.
Eta handik 2019an Pleura sortu zenuten, bertze estilo batean. Zergatik aldaketa hori?
Banda baten base zabalago bat, bertze giro bat, eta batez ere instrumentalki mugatuak ez egoteko. Esperimentatzeko bertze aukera batzuk ematen dizkizu bateria batek eta baxu batek. Musikalki bertze leku batzuetara joaten ahal zara.
Pandemia bete-betean atera zenuten zuen lehen diskoa. Nolakoa izan da aurkeztea?
Lehenago atera nahi genuen, baina pandemiarekin ohartzen zara dena beheiti heldu dela. Pandemian ikusi da kultura arloan zein errealitate dagoen, eta zer gabezia dauden. Ezjakintasun prozesu bat izan da, talde guztiekin nahiko abentura; salto bat zeinetan ez dakizun ura egonen den piszinan edo ez.
Gaur egun Pleuraz gain hainbat bandaren parte ere bazara. Iker Laurobarekin jo duzu, Joseba Tapiarekin ari zara, Chica Sobresaltorekin.
Printzipioz talde horiekin aritzen naiz, nahiz eta bertze batzuk ere egiten ditudan. Pettirekin koroak egoten ibili naiz, adibidez, baina gauza puntualak izaten dira. Ordezkapenak ere egin izan ditut.
«GUSTATUKO LITZAIDAKE NIRE PROIEKTUA EGITEA EGUNEN BATEAN»
Joseba Tapiarekin aritzen zara orain. Nola sortu zen aukera?
Iker Laurobarekin egiten dut lan, eta bertan kantuan aritzen den Leire Letu Tapiarekin ere aritzen da. Kontua da Tapiaren bi korista haurdun geratu zirela aldi berean, eta ordezko bat behar zutela. Leirek nire izena proposatu zuen dagoeneko batera kantatzen genuelako, eta gainera trikitiaren mundua lehenagotik ere ezagutzen nuelako. Dagoeneko itzuli dira hasierako koristak, baina, Tapiak erraten dit ahal dudan bitartean jarraitzeko, beraz hortxe jarraituko dut.
Orain Chica Sobresaltorekin ere ari zara. Hori bertze estilo bat da.
Bai, kasu horretan teklatuarekin aritzen naiz, eta baita koroak egiten ere. Bertze giro bat da, bertze publiko bat duen artista bat da, Espainia mailako zerbait. Giroa erabat desberdina da, baina, aldi berean Iruñeko jende arrunta da, gaztea. Tokatu zaie Maialen –Gurbindo— Operacion Triunfo lehiaketan egotearen harira errealitate handiago eta zabalago bat bizitzea. Oraindik egokitzen ari naiz. Bertze espektatiba batzuk dira, jende aunitz ari da aditzen, jende potoloarekin ari zara... Ea nola kudeatzen dudan hau.
Hainbat bandarekin bai, baina, zure abestiak kaleratzen jarraitzen duzu. Berriki atera duzu 'Martzianoak' abestia. Zerk eramaten zaitu zure abesti propioak ere idaztera?
Zahara abeslariak galdera honi erantzuterakoan erraten du, ez dela kasualitatea berak hain gaztetatik kantuak idaztea. Ez da nik nahi dudala, behar bat sentitzen dut. Bizitzan zehar bizitu dudana, edo bizitzen dudanaren harira sortzen zaidan behar bat da, azaltzeko gai ez naizen gauzak azaltzeko modu bat, barruak hustekoa. Ez naiz batere erregularra kantak kaleratzen, egunen batean gustatuko litzaidake nire proiektu propioa egitea eta disko bat kaleratzea. Orain gorputzak eskatzen didana da.
Nondik edaten duzu musika hori sortzean? Zein dira zure erreferente musikalak?
Egiazki ez dakit. Gazteagoa nintzenean erreferente jakin batzuk nituen, bisualagoak edo zirenak. Eman nuen denboraldi bat Billie Eilish aditzen nuena, eta kanta ilunago eta sinpleagoak egiten nituen orduan.Baina, gaur egun ez nuke jakinen erraten. Hainbertze musika aditzen dut, eta hainbertze espazio desberdinetan nabil, uste dut azkenean xurgatzen dudala bakoitzetik zerbait. Badut gogoa esperimentatzeko.
«EZ DAKIT KONTSERBATORIOAN SARTU EDO EZ, BAINA, BADUT KURIOSITATEA HORI DENA TEORIKOKI AZTERTZEKO»
Kantautore edo musikari, nola identifikatzen duzu zure burua gaur egun?
Musikari bezala. Egia da gehien betetzen nauena kantatzea dela, adierazpen forma zuzenena delako, baina, nire burua musikari kontsideratzen dut.
Faltan botatzen duzu musika ikasketekin ez jarraitu izana?
Zentzu batean bai, eta zentzu batean ez. Uste dut ikasketa guztiak erregulatuta daudela, eta norberak egin dezakeena dela teoria horiek barneratu, eta norberak jartzea bere estilo propioa gauzak egiterako orduan. Baina, egia da nabari dela lantzen direla estilo berdinak, joera berdinak eta hainbertze denboraz akademikoki ez ikasi izanak uste dut eman didala askatasun edo joera propio hori. Alde batetik eskertzen dut, baina egia da gustatuko litzaidakeela ikastea. Ez dakit kontserbatorioan sartu edo ez, baina badut kuriositatea hori dena teorikoki ere aztertzeko.
Zure sare sozialetan sartuz gero hainbat abestiren bertsioak aurki daitezke. Zergatik egiten dituzu bertsioak? Zer ematen dizute?
Iruditzen zait forma bat dela norbaiten lana baloratzeko. Niri nire kantaren bertsio bat eginez gero kristoren ilusioa eginen lidake. Uste dut norbaitek lana baloratzeko modu bat dela, bere lanaren gainetik, esperimentatzeko forma bat, noski errespetuz eginda. Egin dezakezuna da kanta zureganatu eta zure ukitua eman. Aldi berean uste dut dibulgazio erreminta bat ere badela. Olatz Salvadorren kanta bat bertsionatzen baduzu, adibidez, igual zure jarraitzaileen artean badago jendea kanta hori ez zaiona ailegatu, eta dibulgazio lan bat ere egiten duzu. Uste dut positiboa ere badela.
Eta zer nolako tresnak dira sare sozialak zure lanak ezagutarazteko?
Kristoren pisua dute, eta jakin behar da erabiltzen. Norbaitek aditu badu zure izena, eta sartzen bada ikustera zure musika ezagutzeko uste dut erakusleiho inportantea dela. Aditutakoaren inguruan gehiago ezagutzeko tokia da, ez duzu pertsona bera ezagutuko, baina, bai bere lana. Eta uste dut erakusleiho aski inportantea dela.
Musikatik profesionalki bizi zara gaur egun, edo afiziotzat duzu gehiago?
Bien arteko zerbait da. Musikak ez dit ematen hilabeteko soldata bat, eta gainera nahiko mundu irregularra da, eta denboraldika joaten dena. Orain hasiko gara berriro martxan. Ez du ematen soldata duin bat jasotzeko, baina, erranen nuke tarteko bide horretan nagoela.
«JENDEAK NIRE LANAGATIK BALORATU NAZALA NAHI DUT»
Emakumea eta gaztea zara. Nabaritu duzu zapalkuntzarik gaztea eta emakume izate horretatik?
Bai, pila bat. Batzuetan deitzen dizute kartel bat betetzeko, kartel horretan emakume bat egon dadin. Nik uste dut horrek ez duela inolako mesederik egiten. Nik nahi dut jendeak baloratu nazala nire musikagatik, eta ez emakumea naizelako. Iruditzen zait gabezia pila bat daudela, eta nabaritu izan dut gauza konplexuez zure taldeko gizonei solastatzen dietela, eta zuri ez dizutela begiratzen ere, ulertuko ez bazenu bezala. Agertoki gainean egotean dauden exijentziak, edo zutaz espero dena ez da berdina. Ez dakit presioa den hitza, nik pertsonalki ez dut presio hori gehiegi sentitzen. Baina bai espero dute zutaz demostratzea ona zarela konstanteki.
Eta kosta zaizu hori dena kudeatzen?
Bai, pila bat, eta oraindik ere kostatzen zait.
Pandemia dela eta azken bi urteak zailak izan dira batez ere kulturgintzan. Zuk barrenetik nola bizi izan duzu hori dena?
Nik eskertzen dut agertokia, baina, egia da deskantsua ere pila bat eskertzen dudala, eta uste dut eman didala deskantsua hartzeko tarte bat ere bai, eta gauzak perspektibaz hartzekoa. Aunitzetan zaude dinamika baten barrean eta ez zara gelditzen analizatzera zer egiten ari zaren. Positiboa ez da izan psikologikoki sekulako traila izan delako, baina izan ditu bere gauzak onak ere.
Zein dira hemendik aitzinerako zure asmoak?
Nik beti erraten dut, gustatuko litzaidakeela psikologikoki ongi egotea, eta hortik hasita ahal dena egitea. Barrenak eskatzen dit gero eta gehiago hastea lantzen nire kantuak. Ez dakit noiz izanen den posible, baina, gustatuko litzaidake txoko bat egiten eta esperimentatzen hastea.