Pantxo Etxebere 'Pottoka'

«Inguruko influentzia musikalak rockarekin uztartzen genituen»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 9a, 09:00

Sherpa Miguelekin batera, lau kantaz osatutako disko berria argitaratu du Pottokak aurten.

Ofizioz baserritar eta afizioz musikari, duela 40 urte hasi zen Pantxo Etxebere Jimenez Pottoka (Amaiur, 1966) gitarra astintzen. Bere musika eklektikoa izan da beti, era guzietako inspirazio iturriak izan baititu, eta hori erakutsi digu bere azken diskoan, Pottoka & Sherpa Miguel.

Zein izan zen zure lehenbiziko harremana musikarekin?

Ttikitatik izan dut musikarako afizio handia. Sortu ginen bordan garai hartan TVE bakarrik ikusten genuen, eta aditu nituen lehenbiziko taldeak Formula V, Los Diablos eta horrelakoak izan ziren, 5-6 urterekin. Euskal musikari dagokionez, izan nuen lehen erreferentzia Laboaren Haika mutil izan zen, garai hartako Loiola Irratian aditu nuena.

Noiz hasi zinen musika egiten?

15 urte nituelarik. Oroitzen naiz mojek gitarra jotzen ikasteko klaseak ematen zituztela ikusi nuela, eta amari erran nion nik ere ikasi nahi nuela. Orduan izan nuen nire lehenbiziko gitarra, 5.000 pezetako gitarra akustiko zahar bat. Harekin ikasi nituen lehenbiziko akordeak. Baina bertze artisten kanten bertsioak egiteko ez dut inoiz arras belarri onik izan, eta nire kantak idazten hasi nintzen.

Nondik heldu da Pottoka?

Gazteak ginelarik aunitz joaten ginen Iparraldeko kontzertuetara, eta Ezpeletan badago ostatu bat beti gustatu zaiguna, Pottoka ostatua. Musika talde batendako izen polita zela pentsatu nuen, baina azkenean, niretako gelditu zen izena.

Zein musika estilo jotzen zenuen?

17 urterekin gitarra elektrikoa erosi nuen, eta rock musika egiten hasi nintzen lagunekin. Hala ere, ez ginen estilo bakarrera mugatzen, inguruan influentzia aunitz genituelakoz: Maurizio eta Felix, herriko dantzaldiak, rantxerak… rock musikarekin uztartzen genituenak. Gero euskal rock taldeak etorri ziren, oroitzen naiz Lesakan John Lennon ostatuan aditu nuela lehenbiziko aldiz Kortaturen Mierda de ciudad. Kristorena izan zen momentu hartan. Iruñera ere aunitz joaten ginen, bazegoen leku bat disko pila batekin eta nahi genuena aukeratu eta aurikularrekin aditzen genuen. Orduak ematen genituen han, etxean ez genuelakoz diskoak erreproduzitzeko aparaturik.

Nolako da kantak egiteko prozesua?

Kanta bat egiteko aski ditut bi soka. Bizpahiru nota jo eta doinua pentsatzen hasten naiz, eta lehenbiziko melodia egiten dut. Gero, mendian edo ardiekin nagoelarik letrak burura etortzen zaizkit.

«Kantu bat egiteko aski ditut bi soka»

Pantxo Etxebere Pottoka, Amaiurko musikaria

Eta nola hasi zinen grabatzen?

Hasmentan lau pistako Tascam grabagailu bat nuen, eta hor banaka gitarra, ahotsa eta bi instrumentu gehiago sartzen ahal nituen, nik bakarrik. Horrela egin nituen lehenbiziko grabazioak. Hiru grabazio hartu eta Iruñera joan nintzen, Gor eta Elkar diskoetxetara. Ondoko urtean bertze hiru eraman nituen, eta hurrengoan hiru gehiago… hainbertze tematu nintzen, azkenean hiru artista gehiagorekin batera disko bat grabatzea proposatu zidatela. Julio Kagetak, Kiowak, SS-77 taldeak eta nik grabatu genuen diskoa, bakoitzaren hiru kantarekin.

Geroztik gehiago grabatu dituzu…

1992an nire lehenbiziko disko osoa grabatu nuen, La revoluzione della tradizione, Balerdi Balerdi taldekoekin batera. Zazpi kantako binilo ttiki bat zen, Gor diskoetxearekin grabatua. Gero urte pare batez Elizondoko Philipe eta Torralbarekin jotzen aritu nintzen, eta 1996an Otsondo 602 taldea sortu genuen Biguria, Jalisko, Asier, Mikel eta nik. Sei kanta grabatu genituen, Iruñeko Arion estudioetan. Urte pare batez aritu ginen jotzen baina zaila da Baztanen talde bat mugitzea, ez da Donostia edo Bilbo, eta azkenean utzi genuen.

Pottoka 90eko hamarkadan Balerdi Balerdi taldeko kideekin Ondarroako gaztetxe zaharrean jotzen. Iturria: euskalmusikakatea.blogspot.com

Pottokaren 'La revoluzione della tradizione' diskoko 'SOS Nekazaritza' abestia, 1992.

Nola ikusten duzu gaur egungo egoera musikala gure eskualdean? Zapatillera bezalako elkarteekin jendea mugitzen ari dela dirudi…

Jendea beti mugitu da. Baztan bezalako espazio ttiki batean talde pila bat daude, eta denetarik dago. Inguruan Bera dugu kultura musikal handia duen herria, eta Malerrekan ere talde aunitz izaten dira. Falta duguna hari bat da, denak elkartzeko, eta azpiegiturak.

Disko berria atera duzu aurten. Nor dugu Sherpa Miguel?

Iruñeko soinu teknikari bat da Sherpa Miguel. Diskoa egiteko, nire asmoa gitarra eta ahotsa sartzea zen, baina aspalditik izan dut organo bat sartzeko gogoa, eta kasualitatez, lokalean duela 40 urteko organo bat zuen. Soinuak probatzen hasi ginen, melodiak prestatzen, eta diskoa biok grabatzea erabaki genuen.

Zenbat denboraz prestatu duzue?

Joan den urtetik, lasai hartu dugu. Kantak lehenagotik idatziak nituen, batzuk duela hamar bat urte eta bertzeak duela urte pare bat. Iruñean grabatu dugu diskoa, lau kantu totalean. Hiru kantutarako lagun zaharrak bildu ditut koruak egiteko. Perkusioak baino gehiago gustatzen zait ahotsak lantzea, errazagoa da eta kanta beztitzen du, indarra ematen dio.

Kanta bakoitzak leku batera eramaten zaitu, diskoa bidaia bat balitz bezala…

Bidaizalea izan naiz beti, eskolan geografian makina bat nintzen [irriz]. Bai, letra bakoitzak leku bat irudikatzen du.

Lehenbiziko kantak, Ur tanta bat, Sahel, Saharara eramaten gaitu.

Bai, desertura. Haur bat amaren besoetan dago, baina amak ez du esnerik, eta euria egiteko eskatzen dio naturari, ura behar dutelako. Aspalditik izan dut lotura berezia Sahararekin, duela urte batzuk Mariem Hassanen musika ezagutu nuenetik. Hassan Tindufeko errefuxiatuen esparru batean bizi zen sahararra izan zen. Duela 20 urte diskoetxe bat harat joan zen hango musika grabatzera, eta bera nabarmendu zen artista guzien artean. Aunitz gustatzen zait bere musika, diskoak erosi nituen eta Murtzian zuzenean ikusi nuen. Pertsonalki ezagutzeko aukera izan nuen eta ikaragarria izan zen. Berak inspiratu ninduen nire musikari ukitu arabiarra emateko. 

Bigarrenak, Su bazterrean, etxeko suaren goxotasunera…

Etxean lurreko sua duen edozeinek nik bezain ongi jakinen du su bazterrean egotea zer den, goxo-goxo. Momentu hori plazer haundi bat da niretako, eta mende aunitzetan familia biltzeko lekua izan da, entretenimendu gehiagorik gabe, suaren goxotasuna eta jendea. Horri eskaini nahi izan diot kanta.

Hirugarrena, Auñamendi road, Piriniotatik ibilaldi bat da.

Berriki ikasi dut euskaraz Pirinioei Auñamendi deitu izan zaiela, haundi menditik dator, solas bera da, denborarekin aldatu dena. Gaur egun, herri ttikietan gero eta jende gutiago bizi da, husten ari dira. Baztanen nahiko ongi gaude, baina Auñamendiko eskualdean ez, eta hortik ibilbide bat egitea pentsatu nuen. Uztailean joan nintzen furgonetarekin, eta kantak bidaia hori kontatzen du. Patatak loretan zeuden orduan, lore xuri bat egiten dute, eta bizpahiru hektarea xuri-xuriak ikusi nituen. Harrigarria zela iruditu zitzaidan, baloratzen ez dugun lore bat delakoz, eta kantan sartzea erabaki nuen. Anieko kaskoan akitzen da ibilbidea, Auñamendin. Kultura bakoitzak bere mendi sakratua duela erraten dute, eta nire ustez, hori da gurea.

Laugarrenak, Banoa itsasora, itsasoratzen gaitu.

Itsasoarekin ez dut inoiz lotura berezirik izan, imajinaziozko kanta da; arrantzale batean lekuan gaude eta itsasoa da gure lanbidea. Goizean goiz itsasoratzen gara, eta han bakardadean gaude, naturaren hutsune horretan. Itsasoa, denbora, arrantza eta gaua, ez dago bertzerik. Bakardadea eta askatasuna. Kostaldean biziko banintz, probatu nahiko nukeen sentsazioa izanen litzateke, baina ez dut ohiturarik eta ez naiz sobera trebea gauza horiekin…

«Gizartea sobera azeleratu dela uste dut, baina nik nire erritmoan segitzen dut»

Pantxo Etxebere Pottoka, Amaiurko musikaria

Lau kanta. Zergatik?

Gure grabaketa erritmoa nahiko motela zen, eta laugarren kantara ailegatu orduko «aski» erran nuen [irriz]. Gainera, gaur egun ez du merezi sobera kanta egitea. Euskal Herrian musika eskaintza zabala dugu, baina ez dugu gu entzunen gaituen merkatu bat. Komunikabideak kanpoko musikan zentratzen dira gehiago, eta ez dira konturatzen hemen berean kristoren materiala dutela. Gainera, Internetekin disko osoak aditzeko ohitura galdu da, momentuko sentsazioak bilatzen ditugu, berehalakoak, eta akitzean bertze bat bilatzen dugu, eta bertze bat. Uste dut gizartea sobera azeleratu dela, baina nik nire erritmoan segitzen dut.

Diskoa kaleratu duzue. Orain zuzenean jotzeko asmorik baduzue?

Bai, apirilaren 1ean Elizondoko Casinon jo nuen. Sherpa Miguelek ez du zuzenean jo nahi, eta momentuan nik bakarrik emanen ditut kontzertuak gitarrarekin. Kanta berriak eta zaharrak joko ditut, lehenbiziko diskoetakoak eta oraingoak. Amaiurren jotzea hitzartu dut, baita Astigarragako Irigoien Herrero sagardotegian ere. Eta gero nire asmoa hemen barna emanaldiak egiten segitzea da, gaztetxeetan, kultur etxeetan, eskualdeko irratietan… euskal komunikabideetan, posible bada, eta Irati aldera joatea ere gustatuko litzaidake. Baina ez da kezkatzen nauen kontua.

Non lor dezake jendeak diskoa?

Baztango eta Lesakako ostatu batzuetan utzi dut, eta Bera eta Doneztebe aldean uzteko asmoa dut, inguruko ostatuetan. 10 eurotan dago salgai. Facebookeko orrialdea badut, Pottoka Pantxo, eta hortik ere eskatzen ahal didate.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun