Itziar Urra Ferrandez

«Eskoziarrak eta euskaldunak arras antzekoak gara»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 10a, 09:00

Geldirik egoten ez den neska da Itziar Urra Ferrandez elizondoarra; ikasketak Eskozian egin zituen eta masterra Londresen egiten ari da orain.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Mundua eta kulturak ezagutzea gustuko duen anbizio handiko gaztea naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Soziologia ikasi dudanez, feminismoa bezalako mugimendu sozialen berri izatea gustatzen zait, baita ukelelea jotzea, leitzea eta latte art egitea ere.

Londresen bizi zara. Zertara joan zinen?

Masterra egitera etorri nintzen Londresera. 

Euskal kulturarekin konparatuta, bizitza desberdina da han?

Arras desberdina. Londresen ez dute komunitate sentipen hori, baina aldi berean anitza da eta mundu guziko jendeaz inguratua egoteak hainbat kultura ezagutzeko aukera eman dit.

Zeren falta sumatzen duzu gehien?

Familia, Elizondoko kuadrilla eta barazkiak!

Lehen ere Eskozian izan zinen ikasketak egiten. Nolatan joan zinen?

Brexita gertatu baino lehen, Eskozian ikastea doan zen europar guziendako. Ni Aberdeenera joan nintzen, eta esperientzia ikaragarria izan zen.

Eskozia eta Ingalaterra desberdinak dira?

Eskoziako jendea euskaldunen antzekoa iruditu zitzaidan, arras atseginak dira. Euskal kulturari buruzko galdera aunitz egin zizkidaten, eta antzeko historia dugunez, familiakoak bezala garela iruditzen zait. Londresen jendea hotzagoa izaten da hasmentan, baina hobeki ezagutu ahala hori aldatzen da.

Kanpora bizitzera joatea gogorra izan da?

18 urterekin joan nintzen lehenbiziko aldiz, eta batzuetan normala da etxekoen falta nabaritzea. Hala ere, merezi du eta ez nuke deus aldatuko.

Hizkuntza aldaketa arazo bat izan da zuretako?

Betitik aunitz gustatu zait ingelesa; Elizondon akademiara joaten nintzen Davidekin ingelesez solastatzeko, telebista ingelesez ikusten nuen… horregatik, ez dut arazorik izan.

Zure asmoak epe motzera?

Momentuz hemen gustura nago eta masterra akitu eta gero hemen lan egiteko asmoa dut.

Eta epe luzera?

Ez dakit zer gertatuko den, baina munduko bazter aunitz ditut oraindik ikusteko eta ezagutu nahiko nituzke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun